Korrikak elkartu ditu Irungo auzoak
Korrika Egunean daude gaur Irunen. Goizean, herriko auzo elkarteak batu dira, Korrikaren alde, San Juan plazan. Egun luzea izango dute.
Duela bi urte Irunek Korrikarekiko konpromiso estua erakutsi zuen, bertatik atera baitzen AEK-k antolatutako egitasmoa. Aurten, Atharratzetik atera da, eta orain, Nafarroako hegoaldea zeharkatzen ari da, baina halere, Irunek konpromiso berbera erakutsi du. Korrika Eguna da gaur bertan, eta herria batu du, hein handi batean auzo elkarteei esker. AEK-rekin elkarlanean aritu dira Irungo auzo elkarte guztiak, aurtengo Korrika Eguna prestatzeko, egiteko eta gozatzeko.
11:00ak aldera Irungo hainbat auzok Korrika Eguna hasi dute, bakoitzak bere egitasmoa burutuz. Baina hitzordua argi zuten: 13:30ean San Juan plazan izan behar ziren. Bertara iristeko, zutabeak antolatu dituzte, hiru zutabe zehazki. Lehena Landetxatik atera da, eta Belaskoeneako, Oinaurreko, Lapitzeko, Larreaundi-Olaberriako eta Alde Zaharreko bizilagunak jaso ditu bidean. Urdanibia berritik beste zutabe bat atera da, Anaka-Puianako, San Miguelgo, Anzarango, Pinudiko eta Erdiguneko bizilagunak jasoz. Azkenik, Artiatik azken zutabea iritsi da, Behobiako, Dunboako eta Santiagoko bizilagunekin batera.
13:30ean San Juan plazan ziren denak, baina lehenagotik, triki poteo batek girotu ditu udaletxeko plazaren inguruak. Trikipoteo hori San Juan plazara iritsi, eta zutabeak batzean, irudi politak utzi ditu, auzo elkarte ezberdinetako jendeak elkar dantzatzen zuen bitartean. AEK-ko Maddi Sanzek eta Larrendi-Olaberria auzo elkarteko Mikel Valerok hartu dute hitza. “Euskara Gara! dio aurtengo Korrikak, eta lelo horrek gure identitateari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Nor garen, zerk lotzen gaituen galdetzera”, esan du Valerok.
“Bi urtean behin Euskal Herria hankaz gora jartzen dugu, edozein txokotako plaza leporaino bete, mezua lekukoan sartu eta masailak bustita abiatzen gara, ttipi ttapa”, adierazi du Sanzek. Euskararen oldarraldiari ere aipamena egin dio AEK-ko kideak, eta haren defentsan jardun du. “Hizkuntza politika ausartak behar ditu herri honek, baliabideak behar ditugu euskal hiztunok euskaraz jardun ahal izateko, eta baliabideak behar ditugu euskal hiztun izan nahi duenari euskara emateko”.
Valero: “Auzoetan, kaleetan eta eguneroko harremanetan euskara erabiltzen dugunean, komunitatea eraikitzen dugu”. Argi adierazi du Korrikak euskara sustatzeaz gain, herria ere sustatzen duela, eta gaurko egitasmoarekin, hori bera erakutsi dutela, Irungo punta batetik besteraino.
Egun luzea
Ekitaldiaren ondoren, trikitiak Mosku aldera jaitsi dira, eta ondoren, EKT elkartean bertso bazkaria izan dute. Eguerdi partea amaituta, oraindik asko falta da eguna bukatzeko, arratsaldean musikak hartuko baitu protagonismoa. 18:00etan Skola Musik-eko ikasleek kontzertua eskainiko dute Moskun, 20:00etan Txintxarri txaranga arituko da, eta amaitzeko, Burrunba elektrotxarangak joko du 22:00etan.
Hemen HITZAk gaur ateratako argazkiak:

