San Migel-Anaka eremuko obrak hasi dituzte
Urbanizazio obrak hasi dituzte eta datozen asteotan eremua eraldatuko eta lurzorua prestatuko dute, obrak egin bitartean behin-behineko aparkalekua eraikiko dute.
Hainbeste urte itxaron ondoren, San Migel-Anakako eremu berria eraikitzeko urbanizazio obrak hasi dituzte. Obrak egingo duten eremua dagoeneko itxi dute, eta datozen asteotan eremua pixkanaka eraldatuko eta lurzorua prestatuko dute etxebizitzak eta ekipamenduak garatzeko. Obrak iraun bitartean, bizilagunek ezingo dute San Sebastian kaleko aparkalekua erabili, eta hori dela eta, behiin-behineko aparkaleku bat eraikiko dute egungoaren atzean. Aurreikuspenen arabera, Aste Santuaren ondoren erabilgarri izango da aparkalekua, orduan hasiko baitira saneamendu lanak egiten. Horrela, Lepanto kalea eta Zubimuxuko biribilgunea lotuko dira.
Oinezkoek, ordea, ez dute arazorik izango San Migel eta Anaka auzoen arteko oinezkoentzako bidea irekita egongo baita une oro. Ikasturtea amaituta, saneamendu lanak egiten jarraitzeko Lekaenea ikastetxeko jolastokian obrak egingo dituzte. Egungo horma eraitsiko dute, atzealdeko patio zabalduan zoladura berria jarriko dute eta ikastetxearen aurrealdeko saneamendu-obrak amaituko dituzte abuztuaren amaierarako.
Eremua progresiboki urbanizatuko dute, faseka. Lehenengo fasean San Sebastian kalean egingo dute, eta eremuko ekipamenduak 19 eta 23 hilabeteko iraupena izango dute. Bigarren fasean, bi auzoak lotzeko erdiko bidea egingo dute, eta fase honek 15 eta 20 hilabeteko epean egingo dute. Ardatz berri horrek etorkizuneko merkataritza-eremua eta babes ofizialeko etxebizitzak aktibatzea ahalbidetuko du.
1.285 etxebizitza berri eraikiko dituzte
Hirugarren fasea Anaka kalearen inguruan egingo dute. Obra horiek 2027an hastea aurreikusi dute, eta urtebeteko epea izango dute. Laugarren fasea alokairu-erregimeneko babes ofizialak egiteko fasea izango da. Obrak Eusko Jaurlaritzak sustatuko ditu, eta 11 hilabeteko iraupena izango dute 2028 eta 2029 artean. Bosgarren eta azken fasean, IRUNVIren bidez, eremuko etxebizitza publiko gehienak eraikiko dituzte. Guztira 1.285 etxebizitza eraikiko dituzte, eta horietatik 887 babes publikokoak izango dira. Eraikitzen lehenak Anaka kaleko etxebizitza libreak izango dira. Apirilean hasiko dituzte lanak, eta 2028 eta 2030 artean modu mailakatuan eraikiko dituzte. Udalak 147 etxebizitza sustatuko ditu, erosketa erregimenean Gibernaka biribilgunearen eta Letxunborro etorbidearen artean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 447 etxebizitza garatuko ditu. Obra hauek bi fasetan gauzatuko dira. 2027an eraikitzen hasiko dira eta aurreikuspenen arabera, 2029an eta 2030an entregatuko dituzte. 2028an babes ofizialeko 293 etxebizitza gehigarri eraikiko dituzte, 203oean entregatzeko.
Bosgarren fasea burutu ostean, eremuaren urbanizazioa eta etxebizitzen garapena amaituko da, hain zuzen, aurreikuspenen arabera 2030ean San Migel-Anakako eremua errealitate bilakatuko da.

