Osasun Bidasoak gogor kritikatu ditu Morrondoren hitzak
Pedro Morrondo Bidasoako ESIko zuzendariak adierazpen batzuk eman zituen Radio Irunen astelehenean. Horren harira, zuzendariaren "gezurrak" azaleratu ditu plataformak.
Osasun Bidasoa plataformak gogor kritikatu ditu Bidasoa ESIko gerente Pedro Morrondok martxoaren 16an Radio Irun irratian egindako adierazpenak, haur larrialdien arretari buruzkoak. Plataformaren arabera, esandakoek “ez dute errealitatea islatzen” eta “haserrea” eragin dute bai osasun-profesionalen artean bai herritarren artean.
Zerrenda bat aurkeztu du Osasun Bidasoak, haien ustez gezurrak diren adierazpenekin. Plataformak azaldu duenez, lehen mailako pediatria-arreta ez da bermatzen iragarritako ordutegietan. 2025eko apirilean pediatra gehienen lekualdatze edo bajen ondorioz (12tik soilik 2 geratu ziren), zerbitzua nabarmen murriztu zen, eta, nahiz eta ordutegiak zabaltzeko neurriak iragarri, ez dira inoiz bete. Horren ondorioz, hilabete luzez haur askok ez dute pediatra esleiturik izan, eta larrialdiak bakarrik artatu dira kasu askotan. “Gaur egun 13tik 10,5 pediatra ari dira lanean, eta ez da agindutako ordutegia betetzen, ez egun guztietan ez zentro guztietan. 17:00etara arte lan egiten duten pediatrek beren kupoko haurrak artatzen dituzte, ez kupo guztietako larrialdiak”, adierazi du Osasun Bidasoak.
“Iruneko PACean lan egiten duten familia-medikuak guztiz prestatuta daude ohiko haur-larrialdiak artatzeko”, esan zuen Morrondok. Horren harira, plataformak zalantzan jarri du Iruneko PACean lan egiten duten familia-medikuen prestakuntza. Adierazi dutenez, mediku horiek oinarrizko prestakuntza mugatua dute pediatrian, eta ez daude behar bezala prestatuta larrialdi larriak artatzeko. Egoera horrek arriskuak sor ditzakeela ohartarazi dute. “PACean lan egiten duten egungo 7 medikuetatik, 3k bakarrik jaso dute pediatriako oinarrizko prestakuntza (10 orduko ikastaroa)”.
Horrez gain, Morrondok adierazi zuen Bidasoako ESIko zentroak ondo hornituak daudela. Plataformak Irun Zentroko PACa zaharkituta dagoela salatu du, baliabide eta espazio egokirik gabe, eta Bidasoa ospitaleak gaur egun ez duela haur-larrialdiak artatzeko gune egokirik. Bestalde, Osasun Bidasoak ukatu egin du ospitaleko larrialdiek haur guztiak artatzen dituztenik, Morrondok esan zuen moduan. 2025eko apiriletik, haurrei beste zentro batzuetara joateko eskatzen zaiela salatu dute, hala nola Iruneko PACera edo Donostiako ospitalera. Horrez gain, zalantzan jarri dute familia medikuek haurrak edozein egoeratan artatzeko ahalmena dutenik, hori ez baita haiek jasotako prestakuntza. Berdina adierazi dute Bidasoa ospitaleko larrialdi zerbitzuarekin. “PACeko eta ospitaleko profesionalak ez daude prest ezta prestutasunez ere larrialdi pediatriko larriak artatzeko”.
Kolapsoa gertu
Plataformaren arabera, egungo egoerak agerian uzten du Bidasoa ESIko zuzendaritzaren kudeaketa txarra, eta ohartarazi du profesional faltak larrialdi-zerbitzuaren kolapsoa eragin dezakeela etorkizunean. Egoera salatzeko, hainbat mobilizazio deitu dituzte datozen egunetarako. Besteak beste, martxoaren 25ean elkarretaratzea egingo dute Irungo osasun mentaleko zentroan, eta martxoaren 28an protesta bat Bidasoa ospitaleko larrialdien sarreran. Horrekin batera, plataformak neurri premiazkoak eskatu ditu haur larrialdien arreta bermatzeko eta zerbitzu publikoaren kalitatea ziurtatzeko.

