Arrantzale auzoa, berrituta eta irekita
Amaitu dituzte Arantzale auzoko obrak, 13 hilabeteren ondoren. Gaur ireki dute kalea.
Urte bat pasa da Arrantzale auzoko obrak hasi zirela, eta orain, amaiera akta sinatuta, obrak bukatutzat eman dituzte. Gaurtik aurrera kalea zabalik egongo da, 2025eko otsailaren 3an obrak hasi ondoren. 2.861.454,95 euroko aurrekontua izan dute lanak. “Esku-hartzeak oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna indartu ditu, espazio publikoa modernizatuz eta azpiegitura zaharkituak eguneratuz”, adierazi du udalak.
Kale-antolamendua egokitu da, zoladura berritu da eta zerbitzu-sareak berritu dira, “auzoaren bizi-kalitatea hobetzeko eta etorkizuneko beharrei erantzuteko”. Igor Enparan alkateak adierazi du oso gustura daudela izandako emaitzarekin. “Arrantzale auzoa gure hiriko gune esanguratsuenetako bat da, eta esku hartze honen bidez aurrerapauso nabarmena eman dugu irisgarritasunean, eta batez ere, bertako bizilagunen bizi kalitatean”, esan du alkateak.
Era berean, Enparanek nabarmendu nahi izan du proiektuaren ardatz nagusienetako bat bizilagunen parte hartzea izan dela. Auzoko herritarrekin eta merkatariekin bildu zen udala, haien iritzi eta proposamenak entzuteko. Horrez gain, hasi baino lehen informazio puntu bat ezarri zuten, interesa zuen edonor hurbiltzeko.
EAJ adierazi du Portua auzoaren berrurbanizazio prozesua haiek sustatutako plana izan zela, eta 2010. urtean hasita, zortzi faseko prozesua izan dela. “Azken hamabost urteetan, Udalak auzoko saneamendu-sarea berritzeko eta kaleak berrurbanizatzeko prozesu progresiboa garatu du, EAJ-PNVren gobernu garaian bultzatua, espazio publikoaren kalitatea hobetzeko eta hiri-ingurunea herritarren egungo beharretara egokitzeko helburuarekin”, adierazi dute jeltzaleek.
2010. urtean hasi zuten lehen fasea, Almirante Alonso kalearekin. Horren ostean, Matxin de Arzu eta Bernat Etxepare kaleak, Zuloaga kalea, San Pedro eta Santiago kaleak eta azkenik, Arrantzale auzoa. “Portu Auzoa Hondarribiko bizitza sozial, komertzial eta egunerokoaren zati handi bat garatzen den gunea da. Horregatik, funtsezkoa zen bere kaleak, azpiegiturak eta espazio publikoa pixkanaka hobetzea”.
Hurrengoa, Pasaia kalea
Portua auzoarekin amaituta, Pasaia kalean dago hurrengo erronka. 2026ko aurrekontuen barnean, hirigintzetako partidetan, Pasaia kaleko berrurbanizazioari garrantzia handia eman zion udal gobernuak iaz. Orain, 1.948.719 euroko aurrekontuarekin arituko dira, eta Arrantzale auzoan bezala, Urbycolan enpresak egingo du lana. “Proiektuaren lehentasuna segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea izango da: espaloiak zabalduko dira, oinezkoentzako pasabideak berrantolatuko dira eta ingurunea seguruagoa eta erosoagoa bihurtzea bilatuko da”, azaldu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak.

