Gaur, greba orokorra: goizean piketeak, arratsaldean manifestazioak
Lanbide arteko gutxieneko soldata propioa 1.500 eurokoa izateko eskaera Orsoaldeko eta Bidasoko eremu guztietara zabalduko da gaur.
Irungo Gabiria industrialdeko piketea. Lanbide arteko gutxieneko soldata propioa 1.500 eurokoa izateko eskaera Orsoaldeko eta Bidasoko eremu guztietara zabalduko da gaur. Greba orokor deialdia egina dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek Hego Euskal Herrian. Oarsoaldean eta Bidasoan jada nabaritzen hasi da sindikatuen deialdia, goiz-goizetik grebarekin bat egin dutenak piketeekin hasi direlako.
Oarsoaldeko lehen deialdia 05:00etan egin dute grebazaleek Mamuteko aparkalekuan. Bidasoan 06:00etan batu dira informazio piketeetako ordezkariak Irungo Gabiria eta Ugalde industrialdeetan. Haiek erronda egin dute enpresetatik grebaren gaineko informazioa emateko, aldarrikapen oihu artean.
07:00ak pasata hainbat auto karabana abiatu dira Mamutetik (Oiartzun), Antxoko Luzuriagatik, Irungo Galetik, eta Hondarribiko Eroskitik. Horietan bildu diren autoekin eguna girotzeaz gainera, blokeoak ere egiten ari dira trafikoa oztopatuz.
09:00etatik herrietara joango dira grebazaleak, eta herriz herri, informazio piketeak izango dira. Horien ondoren Donostian zutabeka egitekoa den manifestaziora joango dira gaurko mobilizazio egunarekin bat egin dutenak: 12:30ean da manifestazio nagusi hori, eta Oarsoaldeko eta Bidasoko kideei Renferen geltokitik abiatuko den zutabea egokitu zaie. Beste bi zutabe ere izango dira hiriburuko martxan.
Arratsaldean, manifestazioak herrietan. Ondokoak dira Bidasoko eta Oarsoaldeko deialdiak:
- Bidasoko manifestazioa: 18:00etan, Irun-Hondarribia arteko Zubimuxu biribilgunetik (Mendelutik).
- Oiartzungo manifestazioa: 18:00etan Done Eztebe plazatik abiatuta.
- Oarsoaldeko manifestazioa: 18:30ean, Errenteria-Oreretako Herriko Plazatik abiatuta.
Egunak aurrera egin ahala informazioa eguneratzen eta gehitzen joango da HITZA.

Grebalarien auto karabana, Lezoko Altamirako biribilgunean.

