2026ko sanmartzialetako kontzertuak iragarri dituzte
Zea Mays, Kaparrak, Gozategi, Bele, Henry Mendez, Metrika, Chenoa eta Puro Relajo izango dira, ekainaren 6tik 30ra bitarte San Juan eta Urdanibia plazan.
Aurtengo sanmartzialetarako hiru hilabete inguru falta diren arren, aurtengo kontzertuak iragarri dituzte. Irundar askok momentu hau noiz iritsiko zain egoten dira, eta gaur goizean zalantzak ez izateko aurtengo kartela aurkeztu dute. Zea Mays, Kaparrak, Gozategi, Bele, Henry Mendez, Metrika, Chenoa eta Puro Relajo San Juango eta Urdanibiako eszenatokietara igoko dira. Ekainaren 6tik 30era musikak ez du hutsik egingo, eta sanmartzialak prestatzeko astebururo kontzertuak antolatu dituzte.
San Juan plazako eszenatokira igotzen lehenak Puro Relajoko lagunak izango dira, ekainaren 6an. Ekainaren 12ko kontzertua nork emango duen oraindik ez dute iragarri, baina bai 13koa. Gozategi hankaz gora jarriko du Urdanibia plaza. 19an, berriz, Chenoaren txanda izango da San Juan plazan; kontzertuaren biharamunean, ekainak 20, Zea Maysek eta Kaparrak taldeek Urdanibia plaza girotuko dute. San Juan egunaren bezperan, Lide Hernandok sortutako Bele proiektuaren kantak entzungo dira Urdanibia plazan.
Sanmartzialetan ere kontzertu handiak antolatu dituzte aurtengo festetarako, eta gazteentzako musikak Urdanibia eta San Juan plazak jendez beteko ditu. Ekainaren 27an, Henry Mendezen txanda izango da. San Juan plazan izango da kontzertua, eta hurrengo egunean, ekainaren 28an, Jamaica Show taldeak urteroko hitzordua izango du udaletxe parean. Urdanibia plazan, berriz, Metrika, Brava eta Katana taldeak arituko dira. Jaiei amaiera emateko ekainaren 30ean DJ Aitana Grandes-ek diskofesta egingo du Urdanibia plazan.
Bestalde, tokiko taldeek ere jaien egitarauaren parte izan daitezen, Urdanibia plazan antolatuko dituzten kontzertuetan protagonista izateko aukera izango dute. Zehazki, ekainaren 13an eta 23an izango dira kontzertu horiek. Dagoeneko izena emateko epea zabalik da udalaren webgunean, eta apirilaren 10ean amaituko da. Tokiko taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte aukeraketan parte hartzeko; hala nola, kideen erdia Irunen jaio izana edo erroldatuta egotea, eta bestalde, ordubeteko emanaldia bermatzeko abesti-sorta izatea.

