Jaizubiako paduretako zubi bat itxi dute segurtasuna bermatze aldera
Zubia zintaz inguratu eta hesiak jarriko dituzte bidea itxita dagoela adierazteko. Udalak seinaleak errespetatzeko deia egin du.
Jaizubiako paduretako zubietako bat itxi dutela jakinarazi dute “oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburuarekin”. Udaltzaingoak aipatutako zubi hori zintarekin itxiko du, eta sarbide nagusietan hesiak jarriko du bidea itxita dagoela adierazteko. “Prebentzio neurri horren bidez oinezkoen segurtasuna babestu nahi da, zubiaren egoera egokia bermatu arte”, diote.
Garoa Lekuona zinegotziak azaldu du erabakia “arduraz” hartu dutela “herritarren segurtasuna lehenesteko”: “Lehentasuna pertsonen segurtasuna da. Zubiaren egoerak arriskua sor zezakeen, eta, horregatik, prebentzio neurri gisa ixtea erabaki dugu”.
Zubia itxi behar izan dutela ikusita, udalak herritarrei jarritako seinaleak errespetatzeko dei egin die.

