Sainduaren irekieraren atzerapena salatu du EAJk
2018. urtean itxi zen eraikina, eta oraindik ez da ireki, obren amaiera 2024 urte amaierarako aurreikusia egon arren.
2018. urtean itxi zen Saindua Gaztelekua, eraikinaren egoera txarra zela eta. Harrezkeroztik. Puntal auzoko eskoletan errotu da gazteentzako zerbitzua, eta orain, badirudi azken txanpan sartu dela Sainduako eraikinaren irekitzea. EAJk bere atsekabea erakutsi nahi izan du, esanez 2024rako aurreikusten zela obraren amaiera eta oraindik ez dela eraikina ireki.
“Gaztelekua hobetzeko eta handitzeko proiektua 2022aren amaieran lizitatu zen, eta obrak 2023ko ekainean hasi ziren, hamar hilabeteko exekuzio-epearekin. Hala ere, amaiera-data aurreikusitik urtebete baino gehiago igaro den arren, instalazioak oraindik ez dira martxan jarri”, azaldu dute jeltzaleek.
EAJk obren exekuzioaren kontrol eta jarraipen handiagoa edukitzeko eskatu dio udal gobernuari. “Talde jeltzalearen ustez, bereziki larria da gazteriari zuzenean eragiten dion proiektu baten inguruan dagoen informazio eta gardentasun falta”. Jeltzaleen ustez, atzerapenak edozein obra publikotan gertatu daitezke, “baina onartezina da gobernu taldearen isiltasuna eta erantzukizunak bere gain hartzeko gaitasun eza”.
Egoera honen aurrean, udal taldeak galdera zuzena egin dio Abotsanitz eta EH Bilduren gobernuari: “Zeren zain daude Saindua Gaztelekua irekitzeko?”.

