Korrikak astebete iraungo du Irunen
Korrika hilaren 24an eta 25ean pasatzen bada ere, Korrika Eguna antolatu dute martxoaren 21ean eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Irundarrak zorionekoak dira, aurten Korrikak bi aldiz igaroko ditu hiriko kaleak. Goizaldean den arren, kaleetan jende andana batuko da Korrikarekin bat egiteko. Bi hitzordu horiek prestatzeko eta hiria girotzeko Korrika Eguna egingo dute, martxoaren 21ean. Egun osoko egitarau zabala prestatu dute. adin guztietako hiritarrek euskararekin bat egin dezaten. Korrika Egunaren ekitaldi nagusia San Juan plazan egingo dute, 13:30ean. Bertan, hainbat auzotatik aterako diren zutabeak bilduko dira Korrikari bultzada emateko.
Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta Maddi Sanz Bidasoko Korrika arduradunak “egun handia” izango dela adierazi dute aurkezpenean. Udalak eta AEK-k hiriko hainbat elkarteekin batera prestatu dute egitaraua, hala nola, Auntxa eta musika eskolako trikitixa taldea, EKT, Irunabar, Skola Musik, Txintxarri, Burrunba eta auzo-elkarteak. Pasa den ostiralean, auzo-elkarteek antolatutako egitarauaren berri eman zuten. Goizean auzoetan hainbat jarduera antolatuko dituzte, eta 12:00etatik aurrera, hainbat zutabe antolatu dituzte ekitaldi nagusira joateko.
“Edizio honetan beste edizioetan prestatu ez dugun egitaraua antolatu dugu”, argitu du Maddi Sanzek. 12:00etan Urdanibia Berritik eta Landetxatik aterako dira, eta 12:45ean Artiatik. Denek bat egingo dute San Juan plazan. Udaletxe inguruan, Auntxakoen eta Musika Eskolakoen trikipoteoa izango da; eta goizari amaiera emateko urtero legez, bazkaria antolatuko dute EKT elkartean. “Aurtengoa berezia izango da, bertso-bazkaria izango baita Maddalen Arzallus, Manu Goiogana eta Jon Luzuriaga bertsolariak izango dira”, azaldu du Maddi Sanzek.
Arratsaldean ere, musikak ez du etenik izango. 18:00etan, Skola Musikek Korrika abestien kontzertua eskainiko du Urdanibia plazan. “Orain bi urte bezala giro atsegina izango da kontzertu honetan”. Egunari amaiera emateko Txintxarri txarangak eta Burrunba elektrotxarangak erdigunea girotuko dute. “Eguna goxo bukatuko dugulakoan, aipatu nahiko nuke martxoaren 24an eta 25an antolatuko dugula”, azaldu du Bidasoko Korrika arduradunak. Eguna zehaztuta dagoen arren, Korrika Txikiaren eta Gaztearen egitarauak datorren egunotan argitaratuko dute.
Korrikak bi aldiz bisitatuko du Irun
Martxoaren 24an Korrika Katea auzotik sartuko da 05:00ak inguruan, Gurutze aldetik. Pasaera orduak ikusita, “gosari puntuak” egingo dituztela argitu dute aurkezpenean. 05:30ak aldera Nafarroarako bidea hartuko du Korrikak, hain zuzen, Bera izango da hurrengo geralekua. “Beraraino korrika egiten animatzen den irundarren bila joateko garraioa antolatuko dugu”. Hurrengo goizean, martxoaren 25ean, bide laburra egingo du Irungo kaleetatik, Hendaiatik sartu eta Hondarribia aldera egingo du, eta Hondarribitik sartu eta Lezorantz egingo dute ehunka euskaltzaleek.
Korrika denon aterpe izatea nahi duela adierazi du Sanzek, “zabala eta anitza”. Aste goxoa izango dute irundarrek, eta Korrikara animatzeko deia egin nahi izan dute. “Euskarak guztiok behar gaitu, hirian euskarak bultzada berezia behar du eta lan handia egingo dugu”, bukatu du Josu Iguiñizek.

