Udan ere atletismoaz gozatzeko aukera izango dute haurrek
Aurten ere, Bidasoko Atletiko Taldeak udalekuak antolatu ditu 4 eta 13 urte bitarteko haurrentzat, ekaina eta iraila artean izango dira hainbat txandatan.
Bidasoa Atletiko Taldeak beste urte batez atletismoak geldiunerik ez izateko udalekuak antolatu ditu. Ekaina eta iraila bitarte egingo dituen haurrentzako udalekuetan parte hartzeko epea ireki dute. 4 eta 13 haurrek atletismoko eta aire zabaleko jardueretako programazio zabala izango dute, hezkuntza eta kirola uztartuko dituzte. Jarduera gehienak Plaiaundiko atletismo pistan izango dira. Hala ere, asteartero txangoak antolatuko dituzte Plaiaundiko parke naturaletik barrena; ostegunetan, berriz, Artalekuko igerilekua eta frontoia bisitatuko dituzte. Ostiraletan, asteari amaiera ezin hobea emateko Olinpiada Txikien Eguna egingo dute.
Lehenengo txanda ekainaren 22tik 26ra antolatuko dute. Uztailean, berriz, astero antolatuko dituzte, eta abuztuaren lehen hamabostaldian atsedenaldia egin ondoren, abuztuaren 24an bueltatuko dira, 28ra bitarte egingo dituzte. Azken txanda abuztuaren 31tik irailaren 4ra izango da.
Prezioen aldetk ez dute igoerarik egingo, iazko prezioak mantenduko dituzte. Asteko ikastaroak 95 euro balioko ditu, salbuespena ekainaren 29an eta uztailaren 2an eta 3an ikastaroa egingo dutenek izango dute, 60 euro ordaindu beharko baitituzte. Dagoeneko, izena emateko epea irekita dago, eta maiatzaren 31 baino lehen egiten dutenek %10eko deskontua izango dute. Asteka deskontu progresiboak ezarriko dituzte, alegia, bigarren asteak %10eko deskontua, hirugarren asteak %20koa eta laugarren astetik aurrera %30koa izango dute. Deskontuak ez dira metagarriak izango.
Izena emateko galdetegia bete beharko dute, eta ekainaren 17an, Plaiaundiko pistan udalekuen gaineko informazio bilera egingo dute, 18:00etan.

