Film laburren zirkuitu ibiltariak Amaia KZ beteko du
24. Laburbira festibalak zazpi film labur proiektatuko ditu hainbat herritan; proiektuak bihar, hilak 12, estreinatuko dituzte.
2002an sortutako Laburbira jaialdi ibiltariak ez du etenik. Film laburrak Amaia KZko hitzaldi aretoaren protagonista nagusiak izango dira bihar, hilak 12, 19:00etatik aurrera. Urtero Laburbirak hainbat herri bisitatzen ditu, eta aurten Irun izango da horietako bat. Euskal zinemagintza hauspotzea helburu duen jaialdiak 2025. urtean ekoitzitako film laburrak proiektatuko ditu.
Hauek dira biharko saioan proiektatuko dituzten film laburrak: Amaia San Sebastian Larzabalen Olentzerori eskatu nion, Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan, June Asua Olabarriaren Fischy, Elixabet Nuñezen A-Maniki, Aitor Gametxo Zabalaren Geratzen den hori, Ainhoa Urgoitiaren Orain zer? eta Ane Cuestaren ‘Hortzikara‘. Hauetako askok zinema festibaletan ibilbide luzea egin dute.
Film laburren proiekzioak 19:00etatik aurrera izango dira, eta ondoren Amaia San Sebastian zuzendariak solasa egingo du. Irundarrek aukera izango dute 80 minutuan ekoizle gazteek euskaraz sortutako proiektuak ezagutzeko, eta sarrera doakoa izango da.

