Aldaketak BAZen, zerbitzua "atseginagoa eta azkarragoa" izan dadin
Hainbat aldaketa txiki egingo dituzte Herritarren Arreta Bulegoan, hala nola mostradorea kendu eta beste langile bat gehitu.
Hainbat aldaketa egiten ari da Hondarribiko Udala BAZean. “Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea” dute xede egokitzapenek. “Espazioa berrantolatu da arreta hurbilagoa, intimoagoa eta atseginagoa eskaintzeko helburuarekin. Gure nahia bulegora etortzen den pertsona bakoitzak udalarekin harreman erraza eta zuzena izatea”, adierazi du Igor Enparan alkateak.
Aldaketa txikiak egingo dira. “Aldaketa nabarmenena mostradorea kentzea izan da. Arreta sistema berriarekin, bulegora etortzen diren pertsonek aurretik txanda hartu beharko dute”. Txanda horren bidez, herritar bakoitzak bere mahaia izango du eta teknikari batekin bere izapideak egiteko aukera izango du, modu pertsonalago batean. “Mostradorea kentzeak harremana zuzenagoa eta intimoagoa izatea ahalbidetzen du, eta horrek konfiantza giroa sortzen laguntzen du”, esan du alkateak.
Datozen asteetarako
Aldaketa egiten dabiltza, baina Enparanek adierazi du ez direla bukatu. “Lanak asteburuetan egiten ditugu, horrela bulegoa astean zehar irekita egoteko”. Hirugarren langile bat gehituko dute BAZera, zerbitzua eraginkorragoa eta azkarragoa izan dadin. Udaletik aurreikusi dute datozen asteetan amaituko dituztela aldaketak.

