BorBor hausnarketa kolektiborako plazak udaberriko jarduerak aurkeztu ditu
Martxotik ekainera bitarte, ikuspegi iraultzaile eta kritikoa duten sei jardunaldi antolatu dituzte Toki Alai Ikastetxean eta Lakaxita gaztetxean.
Bigarren urtez, BorBor hausnarketa kolektiborako plazak Udaberriko eskola politikoa egitasmoa aurkeztu du, eta bere baitan martxotik ekainera bitarte, sei jardunaldi antolatuko dituzte. Iazko edizioak izan zuen arrakastaren eraginez, ikuspegi iraultzaile sakon eta kritikoaren bitartez gaur egungo gaiak landuko dituzte. Lehenengo saioa ostegun honetan, hilak 12, Nazioa, euskara eta borroka emantzipatzaileak hitzaldia eskainiko du Ibai Atutxak, Toki Alai ikastetxean.
Jardunaldien helburuak eraldaketa prozesuak bultzatzea, herri mugimenduen zein mugimendu askatzaileen kideak formatzea, borroka-komunitateak elikatzea eta eskualdean herri boterea sustatzea direla azpimarratu dute antolatzaileek. Saioak Toki Alai ikastetxean izango dira, 18:00etan, eta sarrera librea izango da.
Bigarren saioa martxoaren 26an, ostegunarekin, izango da. Bizitzaren alde, trantsizio ekosozialista azalduko du Martin Lallanak, saioa gazteleraz izango da. Apirilaren 16an, Txeffi Roccok arrazismoa izango du hizketagai, Ez baikara anti-arrazista jaio, ekinak egingo gaitu saioan. Hilabete beranduago, maiatzaren 16an, askapen sozialaren txanda izango da. Mireia Vehik eta Ana Gabrielek Askapen nazional eta soziala XXI. mendeko europan: herrialde katalanetatik irakaspena azalduko dute.
Maiatzaren 28an, Elene Lopetegik eta Iñi Etxezarretak transfeminismoaren gaia landuko dute, hain zuzen, Euskal Herrian dagoen transfeministen panorama. Azken jardunaldia, ekainaren 6an izango da, Lakaxita gaztetxean. Larunbata izango da, eta zikloari amaiera emateko ardura Arantza Santestebanek eta Ramon M. Zabalegik izango dute. Biek kultura kritikoa eta horrek dakarren munduberrigintza landuko dute.

