Obren hasiera jaien artean ospatuko dute
Ostiralean, San Migel-Anakako eremua urbanizatzeko lanak hasiko dira, eta larunbaterako auzotarrentzat hamar jarduera antolatu dituzte auzoaren biziberritzea ospatzeko.
Hainbeste hilabetez hizketagai izan den proiektua errealitate bihurtuko da aurki. Ostiral honetan, hilak 13, San Migel-Anakako eremuaren urbanizazio-lanak hasiko dituzte, eta ekitaldi instituzionala egingo dute obrei hasiera emateko. Bertan, hirigintza garapenaren eta obra planaren alderdi nagusiak eta izango dituen erabilera berriak partekatuko dituzte. “Azken urteetan, hiriko bizitegi-garapen garrantzitsuenetako bat eratzen hasi da, eta bultzada handia emango dio Irungo etxebizitzari”, adierazi du Cristina Laborda alkateak. Martxoaren 14an, larunbatarekin, auzotarren txanda helduko da.
Ekitaldi instituzionalak urbanizazio-lanei hasiera emango dien arren, San Migel eta Anaka-Puiana auzo-elkarteek hamarnaka jarduera antolatu dituzte. Julian Sanchez parkean, goizean zehar, auzotar ororentzat tailerrak, puzgarriak, haurrentzako jolasak, petanka txapelketa, paella jana eta txaranga antolatu dute. Eraiki zure auzoa izango da jai-egunaren leloa, eta espazio berriak sortzeko informazioa helarazteko gune bat ere jarriko dute. Bertan, Cristina Laborda alkateak urbanizazio-obren garapenari buruzko hitzaldi informatiboa eskainiko du. Arratsaldean ere, auzoan giroa egongo da. Bingoa, txokolate jana, magia ikuskizuna izango dira, eta Remember taldeak egunari amaiera ezin hobea emango dio.

