Olatu moreak Behe Bidasoa hartu du
Urruña, Hendaia, Irun eta Hondarribia batu ditu M8 Asanblada Feminista Bidasoak egindako martxak. Jende andana bat elkartu da ibilbidean, denon artean emakumeen eskubideen alde borrokatzeko.
Kolore morea, oihuak eta ehunka lagunek Irungo eta Hondarribiko kaleak bete dituzte. Urtero legez, Martxoak 8 aldarrikapenerako eguna izan da berriro ere, eta Bidasoko herritarrek martxa bateratua egin dute Urruñatik Hondarribira eta gaurkoan ere ozen oihukatu dituzte aldarrikapen feministak.
11:00etan Urruña-Pausutik abiatu dira, lelopean. Behin, Irunera helduta Santiago zubian jende andana manifestazioarekin bat egin du eta 12:00etan Zabaltza plazan elkarretaratzea egin dute. Irungo hainbat zutabe bertan elkartu, eta txalapartarekin harrera egin ondoren, Hondarribirako bidea egin dute. Errepidearen zabalera txiki geratu da manifestazioarekin bat egin duen jende andana biltzeko. Kolore moreak bere egin ditu kaleak, eta bertaratutakoek argi utzi dute berdintasunaren aldeko konpromisoa guztion lana dela.
Mendelutik indarrez sartu da olatu morea Hondarribira, eta hasieratik, hainbat herritar batu dira martxara. Beste urte batez, Emakumeak alardean! aldarrikatu dute. San Juan de Dios biribilgunean emakumeez osatutako batukada batu zaio manifestazioari eta horiek bidea ireki dute Hondarribiko erdigunera heltzeko. San Pedro kalean jendeak indarraldia eman dio Uruñatik hasitako manifestazioari eta helmugara heltzeko azken metroak egiteko bat egin dute Hondarribiko dozenaka herritarrek.
Helmuga Itxaropena taberna ondoko plazatxoan egin dute, eta bertan amaiera eman diote aldarriz beteriko goizari. “Gaur beste mundu bat sortzen dugu feminismotik. Patriarkatua egokitu, makillatu eta infiltratzen delako gaude hemen, eta gure gorputzak, gure garaiak, gure ametsak… gure bizitzak markatzen jarraitzen duelako”, adierazi dute azken hitzaldian. Kaleetan izan beharreko presentzia nabarmendu nahi izan dute, “kaleak, etxeak eta lan eremuak, gaur, bihar eta beti” presentzia femeninoa behar duten espazioak direlako.
Aldarri eta ospakizun egun ederra izan dute bertaratuek. Eguneko momentuak irudikatu ditu HITZAk:

