Sare morea osatu dute Emekik eta herriko haurrek
Ehunka haur hurbildu dira gaur Martxoak 8 plazara, Emekiko kideekin batera sare moreak osatzera. Plaza emakume erreferentez eta haien istorioez bete dute.
Sare morea eraiki dute gaur. Martxoak 8 plazan Emekiko kideak izan dira, baina ez bakarrik, bidelagun asko izan dituzte gaur eta. Talaia, Ama Guadalpekoa eta Egiluze ikastetxeetako ikasleak hurbildu dira bertara, gelan egindako lanak sare moreetan zintzilikatzera. “Martxoak 8aren harira egiten ditugun ekitaldietatik politenetarikoa da hau, haurrekin elkartzeko aukera dugu eta”, azaldu dute Emekiko kideek. Aurten, feminismoa defendatu izan duten emakumeak izan dira egindako lanen protagonistak.
Batzuek herriko eta inguruko emakume erreferenteak margotu dituzte, haien istorioarekin batera. Baina badira ere mundu osoko erreferenteak irudikatu dituztenak. Denek bazuten antzekotasun bat: emakumeen eskubideen aldeko borrokako agenteak izandakoak dira. Gauzak zintzilikatu ez ezik, lanketa bat egin du gela bakoitzak. “Oso polita da ze horrela badugu aukera feminismoa gazteengana hurbiltzeko. Gu oso pozik gaude horrelako egitasmoekin, eta nola ez, urtero errepikatuko ditugu”, esan dute.
Klik egin hemen gaurko argazkiak ikusteko.

