Herriaren bilakaera, mihiseetatik eta pintzeletatik
'Hondarribiko txokoak' liburua aurkeztu du Emeki emakumeen elkarteak. Kaleko Margo Lehiaketako 84 margolan bildu dituzte, lehenak 1994koak izanik.
Ilusio bereziarekin aurkeztu berri dute Hondarribiko txokoak liburua. Emeki emakumeen elkarteko kideek begi kuttunekin begiratzen dute liburua, badakite eta horren atzean zer nolako lana eta historia dagoen. Azken 32 urteetako Hondarribiko Kaleko Margo Lehiaketako garaileen artelanak irudikatu dituzte bertan. “Guretzat oso garrantzitsua da egun hau. Emakumeentzako espazio seguru baten beharretik sortu zen Emeki bere garaian. Urte luze hauetan Kaleko Margo Lehiaketa gure egitasmo kuttunetako bat izan da. Horregatik, bilakaera guztia biltzea oso berezia izan da”, azaldu du Tamara Sastre elkarteko lehendakariak.
Guztira 84 margolan bildu dituzte liburuan, 1994. urtetik honainokoak. Bertan, kaleko irudiak izanda, oso argi ikusten da nola aldatu den herria. Badira margolanak non gaur egun jada bertan ez dauden eraikinak ikusi daitezkeen, adibidez. Herriaren bilakaeraren artxibo ederra osatu dute Emekiko elkartekideek. “Dudarik gabe, herriari egin nahi izan diogun opari bat da. Jendeak gozatu egingo du hau ikusten”, azaldu du Tzane Carrillo elkartekideak.
Hondarribian giro artistiko handia izan dela aipatu du Carrillok. “Galeria asko eta artista asko zeuden bere garaian herrian, baina bai egia da beherakada handia egon dela horrekiko. Zaila da arteaz bizitzea, eta horrek jende asko atsekabetzen du. Gure inguruko giro artistiko hori biziberritu nahian hasi ginen lehiaketa hau antolatzen”, esan du elkartekideak. Hasieratik, EAEko eta Nafarroako udaletxe guztiekin jarri ziren kontaktuak, haien egitasmoa azalduz. “Urte haietan jende asko biltzen ginen, gauza oso polita zen”. 2024ean, erakusketa bat egin zuten Itsas Etxean, lehiaketako koadroekin, eta bertan jada liburuaren proiektuarekin hasi ziren.
“Begietarako plazerra”
Elkarlanean egindako liburua izan da. Laguntzaile asko izan dituzte, eta lagun artean sortutako “ondare” bat da liburua. Estitxu Ortolaizeko egin ditu margolanen argazkiak, ondoren liburuan ezarri direnak. Ainhoa Aranburuk lagundu die testuarekin. “Plazer bat izan da argazki hauek egitea. Herria nola aldatu den ikusi dut, eta beraz, oso gustora egon naiz. Prozesua polita izan da, oso ondo pasa dut”, adierazi du Ortolaizek.
Salgai jarri dute liburua. Arma Plazan eskuragai izango da, baina baita ere Arzu liburu dendan eta Sokoako paper dendan. “25 eurotan jarri dugu liburua. Oroigarri moduan bai, baina bereziki disfrutatzeko zerbait da. Ez da irakurketa bat, begietarako plazer bat baizik”, azaldu du Carrillok.

