Lehia handiko partidak Txingudirentzat
Maila nagusiko bi taldeek larunbatean jokatuko dute, Zaisa Txingudik Bilbon jokatuko du Uni Bilbo C-ren aurka; eta Plaiaundin, berriz, Biok Txingudik Geurea taldea izango du aurrean.
Lehia handiko asteburua dute maila nagusiko Txingudi Errugbi klubeko bi taldeek. Partida biak larunbatean izango dira, eta jokatzen lehena Zaisa Txingudi izango da. 14:30ean hasita, Uni Bilbo C-ren aurka jokatuko du Bilbon. Urgozoren aurka galdu ostean, hil ala biziko partida izango dute Euskal Ligako Lehenengo Mailara sailkatzeko postuak eskuratzeko. Aukera minimoak dituzte, baina bere onena ematen ahaleginduko dira Bilbotik puntuak etxera ekartzeko. Egun, sailkapeneko laugarren postuan dago Zaisa Txingudi, 34 puntu lortuta.
Biok Txinguidik, berriz, etxean jokatuko du. Geuria taldearen aurka jokatuko dute Plaiaundin, 16.00etan. Denboraldiko lehenengo garaipena noiz iritsiko zain, aurkari zaila izango dute Txingudiko emakumeek. Ezinbestekoa izango da garaipena lortzea azken postutik alde egiteko.
Harrobiak, ordea, atsedena izango du. Jokatzen bakarrak 14 urtez azpikoak izango dira. Etetik urrun jokatuko dute Riojaren aurka. Logroñon (Espainia) izango da bi taldeen arteko lehia larunbatean, 10:30ean. Lehen faseko azkeneko partida izango da infantil taldearentzat. Larunbateko partidaren emaitzaren arabera, final-laurdenetan aurkari bat edo beste izango dute.

