Emakume gidariak mintzagai, Plaiaundin
Martxoaren 8aren baitan, Plaiaundi LHII-k emakumeek garraioaren sektorean duten presentziaz solasteko mahai inguru irekia antolatu du.
Garraioaren sektorea oso maskulinizatuta dago, baina gero eta emakume gehiago ari dira sektorean murgiltzen. Plaiaundi LHII-k Emakume Gidaria mahai inguru irekia antolatu zuen atzo, hilak 4. Bertan, Arantxa Bravo eta Izaskun Etxeberria, Errepideko Garraioko Ibilgailuen Gidaritza zikloko irakasleak; Cristina Gonzalez, Tranportes Goitia enpresako salgaien errepideko garraioko gidariak; Paula Martinez, Dbus-eko gidaria; eta Amaia Chaurreau, Ekialdebus-eko trafiko-kudeatzaile eta gidaria izan ziren. Ahobatez esan zuten, gaur egunean ere jendea harritzen dela emakume bat gidari ikustean.
Gidariek dituzten erronkak eta sektorearen aurrerapenak izan dira mahai inguruaren oinarriak, eta sektorea aldatzen ari den arren, estereotipoak hor diraute. Hala adierazi dute mahai inguruan parte hartu duten lau garraiolariek. Nahiz eta diskriminazio edo arazorik ez izan, segurtasunari dagokionez neurriak eskatu dituzte, esaterako, atseden guneetan bakarrik daudenean dutxatzeko. “Atseden guneak zainduta egon beharko lukete; segurtasunagatik nahiago dut gaua ordaindu zaindutako gune batean”, adierazi dute.
Hortaz, Plaiaundi LHII-k beste behin ere adierazi du gizartearen eraldaketan eta berdintasunaren alde duen konpromisoa. Jardunaldi honetan, ikusgarritasuna eman nahi izan die emakume garraiolariei ikasleek ere emakume erreferenteak izan ditzaten.

