Udaltzaingoak 69 bizikleta abandonatu eman dizkio Balaztari
Prozedura legala beteta, administratiboki hondakinak bilakatu dira bizikletak, eta udalak bigarren erabilera ematea erabaki du, Balaztaren bidez.
Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak 69 bizikleta berri jaso ditu Hondarribiko Udaltzaingoaren eskutik. Berriak dira elkartearentzat, baina ez dira orain erositakoak. Kalean abandonatutako bizikletak dira, legeak markatzen dituen jarraibideak eta epeak jarraituta, jabe gabe gelditutakoak. Balaztak jaso, konpondu, eta behar gehien dituztenen artean banatuko ditu.
Bizikleten jabeek epe bat izan dute haien txirrindak eskatzeko, haien jabetasuna identifikatuz. Asko dira bizikletak kalean utzi eta ahaztu egiten dituztenak, baina Balaztak argi du Bidasoko mugikortasuna bermatzeko beharrezkoa dela horrelako egitasmoak burutzea. “Ekimenak mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, dimentsio sozial nabarmena du, baliabideei bigarren aukera emanez eta herritarren ongizatea indartuz”, azaldu du Hondarribiko Udalak ohar bidez.
“Era berean, ADENDAS ONG erakundeari lau gurpileko 10 kotxe handi eta bi txiki eman zaizkio, baita bide-heziketarako erabiltzen ziren 10 bizikleta ere. Material hori Senegalera bidaliko da, bertan hezkuntza eta gizarte-proiektuetan erabil dezaten”.
Zenbateko epean?
Prozedura hurrengoa da. Abandonu zantzuak dituzten bizikletei Udaltzaingoak pegatina bat jartzen die. Hortik 15 egunetara bizikletak berdin jarraitzen badu, kaletik jaso eta depositura eramaten dute. Bertan, argazki bat atera eta web orrian igortzen da, jabeek haien bizikletak identifikatzeko. Bizikleta eskatzeko, jabetasuna erakutsi beharko da. Bi hilabete ondoren, administratiboki bizikleta hondakin bilakatzen da, eta udalak bigarren erabilera bat esleitu ahal dio.
Adierazi dutenez, hurrengo egunetan Udaltzaingoak pegatinak jartzeko kanpaina abiatuko du.

