Herria batuz, Korrikaren alde
Programazio zabala antolatu dute hurrengo asteetarako Korrikaren harira. AEKren ekimenez, herriko eragile ugariren laguntza izan dute antolakuntzan.
Badator Korrika! Martxoaren 19an aterako da Atharratzetik (Zuberoa), eta Euskal Herri osotik euskararen lekukoa eramango du, 29an Bilbora iritsi arte. Hondarribian, urtero moduan, bere ibilaldia egingo du, martxoaren 25ean, asteartea, goizeko ordu txikietan. Baina Korrika ez da egun horretara mugatzen. Lau zatitan banatu du Bidasoako AEKk Korrikaren egitaraua Hondarribian: Gazte eta txikien Korrika, Korrika kulturala , Korrika eguna eta Korrika bera. AEKrekin batera, herri eragileak eta Hondarribiko Udala izan dira lanean, eta Euskara zinegotzi Garoa Lekuonaren ustez, horrek erakusten du Hondarribiak baduela euskararekiko konpromiso bat herri moduan.
Herri bizi bat da Hondarribia Maddi Sanz Bidasoako AEKko kidearen ustez. “Nabaritu dugu badagoela gogoa gauzak egiteko eta euskararen ekosistema lehen lerroan jartzeko”, adierazi du Sanzek. Eragile askorekin batera aritu dira lanean, eta horrek komunitate izaera hartuz, lankidetza sarea handitu du, herritarrek herriarentzat gauzak eginez.
Korrika eguna martxoaren 14ean. “Euskararen alde egiteko, bertako potentziala aprobetxatzea ezinbestekoa da, horrek batzen gaitu eta, euskarak”, esan du Uxue Kriado AEKko kideak. Gune nagusia Santa Maria Madalena plaza izango da, eta batez ere Portua auzoan egon arren, beste auzoetako bizilagunei gonbita luzatu die. Egitarau luzea antolatu dute, goizetik gaueraino. Denetarik izango da. Musika, dantza, bazkaria, batukadak, eta “parranda egiteko aukera”, besteak beste. Programazio guztia ikusteko, egin klik hemen.
Korrika txiki eta gazte
Korrika txikia martxoaren 18an egingo dute, Arma Plazatik abiatuta, 10:00etan. Zumardira jaitsiko dira eta bertatik, Sabino Arana kaletik Portua auzora hurbilduko dira. Santa Maria Madalena plazan amaituko dute. Herriko hiru ikastetxeetako ikasleak izango dira bertan, Korrikako leloak herri osotik aldarrikatzen. “Aurten 10:30ean erromeria bat izango dugu, Korrika txikia amaitzeko”, adierazi du bertan egongo den haur batek. Gazteek ere ibilbide berdina egingo dute. Euria egingo balu, egitasmoa Jostaldi pilotalekura mugituko litzateke.
Korrika kulturala lau ekitaldiz osatuko dute:
- Martxoak 6: Laburbira film laburren euskarazko zirkuitu ibiltaria. Kultur Etxean, 18:00etan
- Martxoak 11: Aberriaren inpaseak liburuaren aurkezpena, Joseba Zulaikaren eskutik. Kultur Etxean, 19:00etan.
- Martxoak 15: Oholtza bete ahots: Euskal musikariak feminismotik mintzo, podcast irekia. Psilocybenean, 12:00etan.
- Martxoak 27: Esnatu ala hil , Gari Goikoetxeak bideratutako hitzaldia. 18:00etan Arma Plazan.

