Udal aurrekontuak herritarrei azaltzeko hainbat saio egingo dituzte
'Partidaz partida, udal aurrekontuak partekatuz' lelopean, udal-aurrekontua egiteko prozesua eta nola inbertitzen duten azaltzeko topaketak egingo dituzte.
Udal-aurrekontuak nola osatzen dituzten askotan egin izan dugun galdera da, gai horren gaineko zalantza ugari dituzte herritarrek. Hori dela eta, Ogasun arloak kanpaina bat jarri du herritarrei udal-aurrekontuen kudeaketa azaltzeko. Partidaz partida, udal aurrekontuak partekatuz lelopean hainbat topaketa parte hartzaile egingo dituzte baliabide publikoak nola inbertitzen diren azaltzeko. Saioak ulerterrazak izango dira, eta ikastetxeetan, emakumeen etxean, gaztelekuetan eta eta Amaia KZn antolatuko dituzte.
Nuria Alzaga alkateordeak eta ogasuneko ordezkariak saioak gidatuko ditu, eta galde-erantzun formatuan herritarren hausnarketak eta zalantzak argituko ditu. “Gertutik egin nahi dugu, herritarrekin hitz eginez eta haiei entzunez, aurrekontua ez delako dokumentu tekniko huts bat: partida bakoitzaren atzean zerbitzuak, proiektuak eta erabakiak daude, eta horiek zuzeneko eragina dute irundarren eguneroko bizitzan”, azaldu du Alzagak.
Saio irekiak izango dira martxoan hasi, maiatzera bitarte. Lehenengo saioa bihar, hilak 3, izango da Plaiaundi ikastetxean, 11.30ean. Biharko saioa eta hilaren 13an La Salle ikastetxean (09:00) egingo duten saioa ikastetxeko ikasle zein irakasleentzat baliagarriak izango dira. Martxoaren 25eko saioko protagonistak adinekoak izango dira, Luis Marianoko zentro sozialean antolatuko dute, 18:30ean hasita.
Apirilean bi hitzordu egingo dituzte, 15ean Palmera Monteron; eta 22an, Emakumeen Etxean. Saio hauek auzo elkarteen federazioarentzat eta emakumeen elkarteentzat antolatuko dituzte, hurrenez hurren. Maiatzean, berriz, azken hiru saioak egingo dituzte merkatarientzat eta ostalarientzat, gazteentzat eta kultur, kirol eta ingurumen elkarteentzat. Maiatzaren 6an, Commerce Laben egingo dute; maiatzaren 15ean, Martindozenea gaztelekuan; eta maiatzaren 20an, Amaia KZn. Apirileko eta maiatzeko saio guztiak 18:30ean hasiko dira.

