Igoera postuetara heltzea zaila da, ez ezinezkoa
Zaisa Txingudik ezin izan zuen Urgozo taldea mendean hartu (19-22), eta gero eta urrunago ditu Euskadiko lehenego ligara igotzeko postuak.
Larunbat eguzkitsua izan zen Plaiaundin, giro atsegina izan zuten errugbizaleek. Zelaian, ordea, tentsioa zen nagusi Zaisa Txingudiren eta Urgozoren jokalarien artean. Euskadiko bigarren ligako partida garrantzitsua zuten bi taldeek, batez ere, Zaisa Txingudik. Mugaldekoek garaipena beharrezkoa zuten Euskadiko lehenengo mailako igoera postuetara ahalik eta lasterren igotzeko, baina azkenean, ezin izan zuten garaipena lortu bizkaitarren aurka (19-22).
Hasieratik bi taldeek dena ematera atera ziren, eta lehenengo hamar minutuetan 7-5 markagailua zuten. Etxekoek bizkaitarrak markagailuan hartzea lortu zuten lehenengo zatian. Bigarren zatian ere gorabehera handiak izan ziren markagailuan, eta bi taldeek ezin izan zuten tartea zabaldu. Azkenengo jokaldietan Txingudiko jokalariek ezin izan zuten punturik lortu, eta ezintasun hori bizkaitarrek aprobetxatu zuten markagailuari buelta emateko, eta partida irabazteko.
Porrot honek berebiziko garrantzia du. Zaisa Txingudik gero eta zailagoa du igoera postuetara ailegatzea, postu horietatik hamasei puntura kokatzen baitira soilik 25 puntu jokatzeko falta direnean. Atsedenaldia hartzeko astirik gabe, datorren asteburuan Bilbon jokatuko dute Uni Bilbo C-ren aurka. Hemendik aurrerako partidetan garaipeana soilik balio die borrokan jarraitzeko.
Harrobiko taldeek Lekarozen (Nafarroa) izan zuten larunbateko jarduna. Txingudi/Baztan/Orereta 16 urtez azpiko taldeak porrot gogorra jaso zuen Bera Beraren aurka. 15-40 galdu zuten, hasieratik bukaerara donostiarrek euren erritmoa eta indarra ezarri zuten. Gabiria Txingudi/Baztan 18 urtez azpiko taldeak ere Bera Beraren aurkako partida gogorra izan zuten, 5-44 galdu zuten.

