'Haurrak parkean', parkeak euskaraz betetzeko egitasmoa
3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako jolasak antolatuko dituzte Arbiun plazatxoan, Nagore Laffage, Oinaurre eta Olaketa parkeetan.
Bueltan da Haurrak Parkean egitasmoa. Kale eta parkeetan euskararen erabilera handitzea da jardueraren helburua, eta zehazki martxoan hasiko dira berriz horrekin. 3 eta 9 urte bitarteko haurrentzat jolasak antolatuko dituzte Kateako Arbiun plazatxoan eta Nagore Laffage, Oinaurre eta Olaketa parkeetan. Hezten enpresako hezitzaileek zortzi saio egingo dituzte martxoan zehar. Martxoko zortzi jardunaldiak egin ostean, Haurrak Parkean maiatzean eta urrian bueltatuko da.
Adinaren arabera bi talde osatuko dituzte jolasetarako; batetik, Zabu-Zibu taldea 3-5 urtekoentzat helduekin, 17:00etan; eta bestetik, Txirrintxon taldea 6-9 urtekoentzat, 18:00etan. Saioak martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean egingo dituzte, asteazkenetan eta ostiraletan.
Jolasak eguraldiaren arabera egingo dituzte, eta horretarako B plana antolatu dute. Euria eginez gero, Nagore Laffage parkean egingo diren jolasak Toki Alai HHko patio estalira eramango dituzte. Oinaurreko parkeetako jolasak, berriz, bertako aterpera lekualdatuko dituzte. Bi toki hauetan egingo dituzte asteazkeneko jolasak. Ostiraletan, berriz, Olaketa parkean eta Kateako Arbiun plazatxoan egingo dituzte.

