EAJk udal kudeaketaren kontakizuna osatzeko eskatu dio Abotsanitzi
Abotsanitzek gobernuan daraman 32 hilabeteren balorazioa egin dute jeltzaleek, eta azken hilabeteotan garatutako jarduera askok aurrreko agintaldian jatorria dutela gogorarazi diete.
Abotsanitzek 32 hilabete darama Hondarribiko udal gobernua agintzen, eta horren gaineko balorazioa egin du Hondarribiko EAJko udal taldeak. Jeltzaileek udal kudeaketaren inguruko kontakizuna osatzeko beharra azpimarratu dute. Azken hilabeteotan garatutako jarduera askok aurreko agintaldietan bultzatutako eta izapidetutako proiektuetan jatorria dutela gogorarazi diete. Sabino Arana kaleko lanak, Muliateko gizarte-zerbitzuen udal bulego berria, hiri-autobusa, Santiago kalearen berrurbanizazioa, Arrantzale auzoko lanak eta San Nikolas zubiaren berritzea aurreko agintaldiko proiektuak direla gogorarazi diete jeltzaleek.
“Gobernatzea ez da soilik proiektuak gauzatzea; aurretik egindako lana aitortzea, entzutea eta Hondarribiarren mesedetan adostasun zabalak eraikitzea ere bada”, adierazi dute jeltzaleek. Abotsanitz oposizioan zegoenean egindako eskaerak ez dutela “aurrerapauso nabarmenik” gaineratu dute. Hala nola, Saindua gaztelekuaren lanak, kiroldegia hobetze-lanak eta bidegorri sarea garatzea. Jeltzaleek kezka agertu dute elkarlan-guneen galeragatik eta oposizioak udaleko proiektu estrategikoetan duen parte-hartze erreal ezagatik.

