Super Amara Bat, Pista Estaliko Espainiako Txapelketa absolutuan
Bihartik igandera bitarte neguko hitzordu garrantzitsuena dute Super Amara BAT atletek Valentzian (Herrialde Katalanak).
Alaine Agerraldek 400 metroko proban lehiatuko du. Super Amara BAT Atletek badute denboraldian zehar egutegian gorriz markatutako egunak. Horiek dira otsailaren 27 eta 28, eta martxoaren 1a. Asteburu honetan, Super Amara BAT taldeko hainbat atleta Valentzian (Herrialde Katalanak) izango dira. Neguko hitzordu garrantzitsuena izango da Pista Estaliko Espainiako Txapelketa Absolutua. Guztira sei atleta izango dira, Espainiako onenen artean lehiatuko dutenak. Horietako bost emakumeak izango dira.
Olaia Becerril, luzeera jauzian; Alaine Agerralde, 400 metroan; Ander Aramendi, Marta Maza eta Laura Etayo, 1500 metroan; eta Uxia Pereira, 60 metroko hesi lasterketan; izango dira. Bihartik igandera lehiatuko dute, eta parte hartzaile kopuruak ziurtatzen du Super Amara BAT taldeak zer nolako harrobiko lana egin duen azken urteotan.
Bestalde, 18 eta 20 urtez azpiko taldeko atleta ugarik Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko dute, lurraldeko gazte promesa askoren artean.

