Osasun Bidasoak borrokan jarraituko duela adierazi du
Hainbat mobilizazio aurkeztu dituzte Bidasoako ESIaren "momentu kaskarra" salatzeko. Igandean izango da lehena, Hondarribian.
Osasun Bidasoa plataformak martxoan zehar hainbat mobilizazio egingo ditu, egun Bidasoako ESIak dituen gabeziak salatzeko. Datorren hilabeteko hitzorduak iragartzeko aurkezpena egin dute gaur Irunen, eta bertan, gaur egungo egoera azaldu nahi izan dute. “Ospitaleko langileak atsekabetuak daude, egoera gogorretan ari dira lanean, eta hori onartezina da”, azaldu du Mariaje Alfonso erizain jubilatuak, Osasun Bidasoa plataformaren izenean.
Kirofanoen obrak jada hasi egin dira ospitalean, eta horrek zailtasun handiak ekarri ditu bertako egunerokoan. “Ospitaleko laugarren unitatea itxi egin dute, eta horren eraginez pazienteak eta langileak beste bi unitateetan banatu behar izan dira. Horrela, jende asko espazio txikian bildu da, eta horrek langileen lana zailtzen du, dudarik gabe”, azaldu du Alfonsok. Erizain ohiaren ustez, horrelako arazoek ondorio psikologikoak dituzte langileengan: “Jendeak motibazioa galdu du, eta horrek atsekabetu egiten ditu. Pazienteek tratu ona izan dutela esaten dute, baina horrek esfortzu ikaragarria eskatzen die langileei, dagoen egoeragatik”. Urologia saileko arazoak ere azaleratu dituzte, azalduz ez dagoela urologorik Bidasoako Ospitalean.
“Momentu txarrena”
Alfonsoren ustez, bere momenturik txarrenean dago Bidasoako ESIa gaur egun. “Inoiz ez da hain gaizki egon, eta gainera, inoiz ez da hain betea egon. Zu edozein ospitalera zoazela, argibideak erraz ematen dizkizute. Hemen denak nahastuak gabiltza eta ez dago argibiderik”. Erizain ohiaren ustez, “ez da egoera hobetu, okertu baizik”. Manel Ferran mediku ohia, jada jubilatua, egoera berdinataz mintzatu da: “Konponbideak behar ditugu. Oñaurreko anbulategi berria adibidez oso beharrezkoa dugu, jende asko bizi da eta eskualde honetan. Eraikina egiteko konpromisoa erakutsi dute, baina oraingoz ez da ezer egin. Ez dakigu ezer horri buruz”.
Irungo erdiguneko anbulatorioan ere egoera oso kaskarra dela adierazi du Ferranek. “Barrakoiak ditugu hor duela sei urtetatik. Hori ez da normala, eta ez da onargarria”. Bidasoako ESIak adierazi izan du Irungo erdiguneko anbulatorioaren egoera hobetzeko Alarde kalean beste eremu bat irekiko dutela, kasu horretan pediatria bertara bideratzeko. “Alarde kaleko eremua irekitzen bada, egoera hobetu egingo zen, baina hori ere geldiune batean dago, ez da aurrerapausorik egiten”. Itxaron zerrenden arazoa plazaratu nahi izan du Ferranek. “Batez besteko itxaron zerrendak askoz handiagoak dira Bidasoako ESIan, beste eskualde batzuekin alderatuta”.
Familien esfortzua
Pediatriaz ere aritu dira. Marisa Gutierrez urgentzia pediatrikoen itxierak kaltetutako gurasoa da, eta haren egoeran daudenen izenean hitz egin du. Haren ustez, pediatriaren arazoa beste arazo handiago baten barnean dago, “Bidasoako eskualdean baliabide medikoak ezabatzeko” erabakiek bultzatutakoa. Gurasoaren ustez, urgentzia pediatrikoen ezabapenak, arazo asko ekarri ditu, hala nola lasaitasun eza, bidaia gehiago egin beharrak eta itxaron zerrenda luzeagoak. “Hori denagatik Osasun Bidasoa plataformaren mobilizazioetara batuko gara”. Era berean, osasun mentalaren harira, hainbat guraso mobilizatu dira. Igor Medranok, haien izenean, adierazi du osasun mentalaren kudeaketa oso kaskarra dela Bidasoan, helduak eta gazteak elkarrekin bilduz eta kontsultetan intimitaterako eskubidea urratuz, kanpotik dena entzuten baita,
Horregatik, antzematen dituzten gabezi guztiagatik, hurrengo mobilizazioak egingo dituzte:
- Martxoak 1: Osasun mentalaren aldeko manifestazioa, Hondarribian, 12:00etan Martxoak 8 plazatik abiatuta.
- Martxoak 4: Hamar minutuko mobilizazioa, Irungo erdiguneko anbulatorioan, 14:00etan.
- Martxoak 11: Hamar minutuko mobilizazioa, Dunboako anbulatorioan, 14:00etan.
- Martxoak 18: Hamar minutuko mobilizazioa, Hondarribiko anbulatorioan, 14:00etan.
- Martxoak 25: Hamar minutuko mobilizazioa, Irungo Osasun Mentaleko zerbitzuan, 14:00etan.
- Martxoak 28: Urgentzia pediatrikoen alde, Bidasoako Ospitalean, 18:00etan.

