Datorren ostegunean banatuko dituzte Asun Casasola ipuin lehiaketako sariak
Martxoaren 8aren baitan, ipuin lehiaketako sariak banatuko dituzte Kabigorrin; aurtengo edizioan, parte hartzaileen %60 emakumeak izan dira.
Hiru hilabete izan dute Asun Casasola ipuin lehiaketarako ipuinak prestatzeko. Azaroaren 25aren harira, lehiaketa hasi zuten; eta datorren ostegunean, martxoaren 5ean, ipuin lehiaketako sariak banatuko dituzte. Hitzen bidez indarkeria matxistarik gabeko gizartea aldarrikatzeko bide izan da lehiaketa beste urte batez. Parte hartzaileen %60 emakumeak izan dira, eta hainbat herrialdetatik idatzi dituzte ipuinak.
Urteroko erronka gazteak lehiaketan parte hartzea animatzea da, eta horretarako Irungo hainbat ikastetxeren laguntza izan dute. Eguzkitza eskola eta Toki Alai BHI ikastetxeekin batera, Orereta Ikastolak eta Hondarribiko Talaia institutuak ere egitasmo honen alde egin dute. Gainera, lehiaketa honetan izena ematen duten ipuinak indarkeria matxista lantzeko material pedagogiko bihurtu dira.
Helduen kategorian gazteleraz ipuin gehien bildu dira, eta gazteen artean, berriz, euskara nagusi izan da. Antolatzaileek “eskerrik beroena” helarazi nahi izan diete “muxutruk egiten duten lan serioarengatik”. “Indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duen ariketa kolektiboa da lehiaketa, bera omenduz baita guztion hitzak batuaz berdintasunen bidea eraikiz”.
Datorren ostegunean, 19:30ean, bukaera emango diote hamaikagarren edizioari. Joana Ochotecok eta Nerea Sarriegi aurkeztuko dute ekitaldia. Bertan, Maria Jose Atienza, Ander Arzak, Mikel Gartzia eta Maria Lui Garcia kazetariek ipuin irabazleak irakurriko dituzte, Maite Elizondoren musikaz lagunduta. Bertan, Asun Casasola ere egongo da.

