Eskubideen urraketak erakusketa batean irudikatuak
Bizitza Jokoan kanpainaren barnean, argazki erakusketa bat antolatu du Mugarik Gabe GKEak. Hondarribiko Liburutegian egongo da, ostiraletik martxoaren 16a arte.
Bizitza Jokoan kanpainaren harira, Mugarik Gabe GKEak erakusketa bat irekiko du ostiralean, hilak 27, Udal Liburutegian. Krisi klimatikoaren eta giza eskubideen urraketaren arteko harremana aztertzen duen kanpaina da Bizitza Jokoan, eta orain, bigarren fasean, Hondurasko, Mexikoko eta Guatemalako hiru kasu ikertu dituzte.
“Ikerketa horietan, enpresa eta gobernu desberdinek eragindako eskubide urraketak salatzeaz gainera, meatzaritza, deforestazio eta kutsaduraren aurrean lurra eta lurraldea defendatzeko egindako erresistentziak eta borrokak jaso dira”, azaldu du Mugarik Gabe GKEak. Erakusketan hiru kasu horiek dokumentatzen dituzten argazkiak aurkituko dira.
Guatemalako kasuan kontsulta aske eta informatua izateko eskubidearen urraketa dokumentatzen da, El Estor udalerrian. Ingurumen osasungarriaren eta lurralde eskubidearen urraketak erregistratu dira Hondurasko Guapinol ibaian. Mexikon, azkenik, Tarahumara Mendilerroko lurraren defentsak ikusiko dira argazkietan. Kasu bakoitzak txosten luze bat dauka atzetik.
Erakusketan ikusiko diren ilustrazioak Zoiartze Puentek eginak dira.
Bizipenak hitzaldi bihurtuz
Erakusketaren gain, hitzaldi bat emango dute horren harira. “Dalila Arguetak, mehatxuak eta jazarpena medio, Hondurasetik ihes egin behar izan zuen Guapinol ibaia eta bere lurraldea meatzaritza enpresa baten aurrean defendatzeagatik. Jasan izan zuena eta bai bertan zein Euskal Herrian egindako borroka emango ditu ezagutzera”, adierazi dute GKEkoak.
Martxoaren 11n egingo dute, 19:00etan Zuloaga Etxean.

