Enrique Albizu artistaren erakusketa, Amaia KZn
Artista valentziarrak Bidasoaldearekin lotura handia izan du, eta 'Enrique Albizu berrikusten' erakusketa otsailaren 27tik maiatzaren 3ra arte ikusgai egongo da.
Enrique Albizu Valentzian jaio bazen ere, Bidasoaldearekin lotura handia izan du. Irungo udal marrazketa eskolan ikasi zuen, eta erakusketa honen bitartez, urte luzeetan izandako ibilbide sendo eta koherentea gogoraraziko dute, Amaia KZn. 2014an hil zen Hondarribin, eta bere ibilbide luzean zehar, Irun eta eskualdea islatu ditu margolanetan. Enrique Albizu berrikusten erakusketa ehun artelan baino gehiagok osatuko dute, Maria Jose Aranzasti. komisarioaren gidaritzapean.
Erretratuak, autoerretratuak, arrantzaleak, paisaiak, natura hilak, bodegoiak eta pelutxeak izango dira artelanen protagonista. Amaia KZn eskainitako obrak Oaya Albizuren bildumakoak izango dira, eta hainbat erakunderen laguntzari esker, maileguan lortu dituzte. Erakusketarekin batera, erakusgai dauden marrazkien eta argazkien aukeraketa bat egingo dute, eta ostiral honetatik aurrera, hilak 27, maiatzaren 3ra bitarte ikusgai izango dira.
Marrazkilariaren erakusketak Amaia KZren ordutegia izango du, asteartetik larubatera, 18.00etik 21.00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era. Aurreko erakusketekin egin izan duten bezala, erakusketa honek ere bisita gidatuak izango ditu. Laster iragarriko dituzte bisita gidatuen datak.

