Bidasoko elkarte feministek egitarau zabala antolatu dute martxoaren 8rako
Martxoaren 8an hitzordu garrantzitsuenak egingo diren arren, emakumeak protagonista izango dira martxoan zehar eskaintza zabaleko egitarauan.
Martxoaren 8ko ekitaldiak ez dira egun bakarrera mugatuko Irunen. Gaur aurkeztu dute Martxoaren 8aren baitan, martxoan zehar antolatuko dituzten jarduerak. Eskaintza zabala duen egitaraua aurkeztu dute Bidasoko hainbat elkarte feministek eta Irungo Udalak. Adin guztietarako programa antolatu dute, gazteetatik hasita adinekoetara bitarte. Bidasoaldeko Elkarte Feministarekin, Txingudiko Elkarte Feministarekin, Parean Elkartearekin, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde elkartearekin, Uxoa eta Argoiak elkarteekin, Irungo Emakumeen Etxea Elkartearekin eta M8 Asanblada Feminista Bidasoarekin elkarlanean antolatu dute aurtengo egitaraua.
Martxoaren 8a egun garrantzitsua izango da. Urteroko legez, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan, eta 11:45ean Hendaiatik abiatuko den manifestazioarekin bat egingo dute Santiago zubian. 12:00etan Zabaltza plazara helduko da manifestazioa eta Zubimuxuko biribilgunea pasata, Hondarribirako bidea egingo dute ehundaka manifestarik. Aurreikuspenen arabera, 13:00etan helduko da Hondarribira manifestazioa, eta behin bukatuta, Argoiak elkarteak bazkaria antolatuko du Irungo Ibaiondo jatetxean.
Egitaraua ostiral honetan hasi, eta martxoaren 26ra bitarte jarduera ugari edukiko dituzte Irungo emakumeek. Tailerrak, proiekzioak eta hitzaldiak izango dira hiriko hainbat txokotan. Zinema Feministaren Zikloak ere Amaia KZko aretoa jendez beteko du datozen egunotan. Ostiral honetan, hilaren 27an, lehenengo filma proiektatuko dute: Jone, batzuetan. Datozen asteetan, La Furia, Romeria eta Los Domingos filmak proiektatuko dituzte.
Jarduera guztien egitaraua hemen kontsulta dezakezue.

