Musika eta dantza Martxoak 8aren atarian
GazteARTEanek 'Gorputzak astindu!' jardunaldia antolatuko du martxoaren 7an, eta rumba, rap, rock eta hip-hop doinuek kaleak beteko dituzte.
Martxoak 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, programazio oparioa antolatuko dute Irunen. Egunaren atarian, gazteak izango dira protagonista eta GazteARTEanek ekitaldiz beteriko jardunaldia antolatuko du. Dancehall masterclass, Celia Carreras DJ eta Ketekalles emanaldia izango dira egunean zehar, eta rumba, rap, rock eta hip-hop doinuak entzuteko aukera izango dute 18 eta 30 urte arteko herritarrek CBAn eta Urdanibia plazan. Jardunaldi honen bitartez, historikoki maskunalizatua egon diren diziplinetako emakumezko talentu gaztea plazaratuko dute.
Ospakizuna 18:00tik 21:00tara izango da, eta Aixiba Koroma koreografo eta interprete irundarrak arratsaldeari hasiera emango dio CBAn. Bertan, Jamaikan eta Sierra Leonan jatorria duen dantzariak dancehall masterclassarekin eta erritmo afroekin CBA aretoa hankaz gora jarriko du. Saioan parte hartzeko gazteek izena eman beharko dute GazteARTEanen webgunean.
Musika ez da CBAn mugatuko bakarrik, eta ordu berean Urdanibia plazan Celia Carrera DJak bass, techno eta house estiloak jarriko ditu. BIME eta Dantz jaialdietan egona da Carreras, eta figura sendoenetako bat bilakatu da. 19:30ean, Ketekalles taldeak rumba, rap, rock eta hip-hop doinuak uztartuko ditu Urdanibia plazan. Feminismoa eta identitatea bezalako gaiak jorratuko ditu taldeak, eta askatasun eta kolektibitate gune bihurtuko du plaza. Egun horretan, Sarah Grandesek, Maialen Arocenak eta Miriam Loidik diseinatutako pegatinak banatuko dituzte.
Bestalde, Martxoak 8aren eguna gaztelekuetara eraman nahi izan dute. Martxoaren 7an Martindozeneako gaztelekuan ilustrazio lehiaketa bat antolatuko dute 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Artiako gaztelekuan, aldiz, Martxoak 8ko giltzatakoen tailerra izango dute gazteek. Bi jardunaldiak 17:30ean izango dira.

