Hondarribiko hiri autobusa, bihar, martxan
Behin behineko autobusa aurkeztu dute. 19 geltoki izango dira, gehienbat Akartegi auzotik. Behin betiko autobusa ekainean egongo da prest.
Hainbat urte, aldarrikapen, bilera eta adierazpen ondoren, iritsi da Hondarribiko Autobusa. Mugikortasun mahaiaren premiazko neurria izanda sortu zenetik, 2017tik. Azkenean, aurkeztu dute. Igor Enparan alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua. “Behin behineko autobusa aurkeztu dugu gaur, eta bihartik aurrera jarriko da martxan. Behin betiko zerbitzua ekainean izango dugu martxan”, adierazi du alkateak.
Hondarribiak “behar zuen” zerbitzua da aurkeztutakoa, esan du Enparanek. Behin behineko autobus txikia estreinatuko dute bihar. Hamabost pertsonentzako eserlekuak ditu, beste bi gehitzeko aukerarekin. Gurpildun aulki batentzako lekua ere bada bertan. “Behin betiko zerbitzua martxan jartzean autobus handixeago bat izango dugu, elektrikoa kasu hortan”, azaldu du alkateak. 07:10ean izango da lehenengo bidaia, eta 21:10ean azkena, ordu erdiroko maiztasunarekin. 19 geltoki ezarri dituzte, baina alkateak azaldu du oraindik badagoela baten bat gehiago txertatzeko edo kentzeko aukera. Jendearen erreakzioak eta iritziak jaso nahi ditu udalak, zerbitzua “hobetzeko” asmoarekin.
MUGI txartelarekin ordaintzeko aukera izango da, MUGI sisteman ezarritako zerbitzua baita. “Gipuzkoa hobetzeko helburua dugu, eta horrelako aurrera pausoak oso garrantzitsuak dira. Oso pozgarria da ikustea nola Hondarribia bezalako herri batek garraio publikoaren aldeko apustua egiten duen”, azaldu du diputatuak. Dominguezek uste du, herritarren egunerokoa errazteko tresna aparta dela, eta gizarte irisgarri eta jasangarri baten aldeko erabakia.
Prezioei begira, MUGI gabeko bidaia 1,45 eurokoa izango da, eta MUGI anonimoarekin 0,58 eurokoa. MUGI txartel pertsonalizatuarekin:
-
1–20 bidaia: 0,44 €
-
21–50 bidaia: 0,36 €
-
51 bidaia edo gehiago: 0,09 €
MUGI gaztearekin:
-
1–20 bidaia: 0,37 €
-
21–50 bidaia: 0,30 €
-
51 bidaia edo gehiago: doan
Lurraldebusen moduan, 15 urtetik beherako gazteek ez dute ordaindu beharko.
Parte hartzeko aukera
Lurraldeko garraioarekin (Lurraldebus) lotzeko aukera aurkeztu du Dominguezek, transbordoa abian izango da eta. “Amute, Mendelu eta Jaizubiko bizilagunek hilerrira joateko aukera izango dute adibidez, lehenengo lurraldeko garraioa hartuz eta ondoren hiri barneko autobusera aldatuz”. Hilerriraino igoko da autobusa, eta Talaia institutu ondoan ere geltoki bat ezarri dute. Eskolara doazen gazteentzat aukera ederra izan liteke.
270.000 euroko kostua izango du zerbitzuak datozen urteetan. Prozesu parte hartzaile bat abiatuko du udalak laster. Hala nola, autobusaren iruditeria erabakitzeko egingo dute, udalak adierazi duenez. “Ekainean iritsiko den autobusa herritarrek haiena sentitzea nahi dugu, beraz horretan arituko gara lanean”.
Udal taldeen erreakzioak
Udal taldeek haien erreakzioak erakutsi dituzte. PSE-EE poztasun handiz agertu da, heian eskaera historikoetako bat izan baita autobusarena. “Era berean, bereziki nabarmendu behar da erakundeen arteko elkar ulertze eta lankidetza ona, hiri-garraioan eta Hondarribiari eragiten dion hiriarteko zerbitzuaren hobekuntzan aurrera egitea ahalbidetu baitute”, adierazi dute sozialistek. EAJk ere begi onez ikusi du zerbitzua. “Pozten gara EAJren gobernuak abiatutako proiektuak jarraipena izan duelako, eta udal talde guztien babesa izan duelako, esan dute jeltzaleek.
Halere, oposizioko bi udal taldeek argi dute: zerbitzua aurrera joan ahala, hobetzen joan behar da. EAJk dio zerbitzuaren maiztasuna murriztea beharrezkoa dela, eta geltokiak irisgarriak izan behar diela. Sozialistek ere adierazi dute arretaz begiratu beharko dela zerbitzua, eta behar den heinean herritarren beharretara egokitu.





