Emaitza txukunak Hondarribiko Traineru Jaitsieran
Emakumeetan Hondarribia eta Hibaika bigarren eta hirugarren izan ziren, eta gizonetan San Juan eta Hondarribia laugarren eta bosgarren.
Hondarribiko emakumeen trainerua, larunbatean lehian.Jose A. Rodriguez Hondarribiko eta Oarsoaldeko traineruek emaitza txukunak izan zituzten larunbat arratsaldean jokoan izan zen Hondarribiko XXVI. Traineru Jaitsieran. Emakumeen kategorian Arraun Lagunak-ek erraz irabazi zuen, eta donostiarren atzetik sailkatu ziren Hondarribia eta Hibaika. Gizonetan, berriz, Bermeo irabazle, bizkaitarren atzetik Donostiarra A eta Getaria, eta laugarren eta bosgarren San Juan eta Hondarribia A hurrenez hurren.
Emakumeetan, nagusitasun handiz bere egin zuen bandera Arraun Lagunak-en traineruak. Ziabogan jada 12 segundoko aldea ateratzen zion han bigarren izan zen Hondarribiari, eta 14 hirugarren denbora ezarri zuen Hibaikari. Bukaeran, donostiarrek 15.21eko denbora egin zuten, 15.40 Hondarribiak, eta 15.47 Hibaikak. Horien ondoren sailkatu ziren Tolosaldea, Donostiarra, Zarautz eta Zumaia.
Gizonetan, berriz, Bermeo onena batez ere bueltako luzean (ziaboga bakarrera izan zen gizonen lehia ere bai) egindako lanagatik, ziabogan Donostiarra izan zelako azkarrena. Han, Getaria eta Hondarribia izan ziren onenen bi horien atzetik, eta San Juan bosgarren. Baina bueltakoan arrosek estutu, eta berdeei zuten laugarren postua kendu zieten. Bukaeran, Bermeok 20.59ko denbora egin zuen, Donostiarra Ak 21.04, Getariak 21.13, San Juanek 21.36, eta Hondarribia Ak 21.42. Beherago sailkatu ziren San Pedro (hamaikagarren, 22,28), Hibaika (hamabigarren, 22.45), eta Hondarribia B (hamabosgarren, 23.20).
Beteranoen estropadak ere jaso zituen Hondarribiko jaitsierak. Orioko Badok 13 A izan zen azkarrena kategoria horretan (15.10), eta haren atzetik izan ziren Mundaka (15.21) eta Fortuna (15.38). Laugarren, Trintxerpe-Illunbe 15.55eko denborarekin, eta hamaikagarren izan zen Trintxerpe-Illunberen B ontzia (emakumeena) 21.56rekin.
Larunbateko sailkapen osoak eta denbora zehatzak ikusteko baliatu esteka hau.

