Biok Txingudik partida zaila izango du Iruñean
Aurkari indartsua izango dute aurrean Txingudiko emakumeek bihar, hilak 21, La Unica taldearen aurka jokatuko dute, 16:30etatik aurrera.
Biok Txingudik beste partida bat izango du asteburu honetan, oraingoan, etxetik kanpo. La Unica izango da jardunaldi honetako aurkaria, eta lan handia egin beharko dute hura garaitzeko. Talde nafarra indartsu dabil azken boladan, eta bolada ona zapuzten ahaleginduko dira Txingudiko emakumeak bihar, hilak 21, 16:30ean. Sailkapeneko laugarren postuan dago La Unica taldea, eta aurreko asteburuan liderrak garaitzea lortu zuten nafarrek.
Biok Txingudi taldearen denboraldia ez da erraza izaten ari. La Unicaren aurka Plaiaundin jokatutako partidan porrota mingarria jaso zuten, 0-59 galdu baitzuten. Azken jardunaldietan, ordea, Txingudiko jokalariek garapen positiboa izan dute, eta hori jokoan nabari da. Hernaniren aurkako partidan halaxe antzeman zen, baina, azkenean ezin izan zuten lehia handiko partida hartatik denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu.
Eskolako taldeek ere partidaz beteriko asteburua izango dute. Bihar goizean, 14 urtez azpiko taldeak Zarautz/Beltzak taldearen aurkako partida izango du Plaiaundin, 11:00etan hasita. Igandean, berriz, klubeko txikitxoenen txanda helduko da. Asteburu honetan, 10 eta 12 urtez azpiko taldeek Arrasaten jokatuko dute.

