Antxetaren hegoak handitzen doaz
25 urte bete diru Antxeta Irratiak. Behe Bidasoko informazioa euskara integralean ematen duen komunikabide bakarra da, eta egoera "ezin hobean" dago egun.
Lopez eta Zapirain, mikrofono artean. IMANOL SAIZ Hendaia, Hondarribia, Irun, Biriatu, Urruña eta Bortziriak. Aipatutako herri eta eskualde guztiek badute zerbait amankomunean: Bidasoa ibaia. Bidasotarrak dira denak. Muga bezala erabilitako ibaiak inguruko eskualdeetako garrantzia handia dauka, eta haien izaeraren parte da. Antxeta Irratiak ere herri guzti horiek lotzen ditu, eta noski, haien izaeran ere Bidasoa ibaiak badu zer esan. Bidasoa Beherean eta Bortzirietan euskara integralean informazioa eskaintzen duen tokiko irrati bakarra da Antxeta, eta orain, ospakizun betean daude, 25 urte bete dituztelako.
25 urte haien uhinak zabaltzen, 25 urte euskararen aldeko borrokan. Mende laurdenak haientzat zer esanahi duen galdetutakoan, argi dute bertako kazetariek: poztasuna gailentzen da, euskaraz egindako lanak jarraipena izan duelako. Aitziber Zapirain da irratiko koordinatzailea egun, eta bertan 25 urte eraman ez arren, bilakaera handia ikusi du irratian, 2006. urtean sartu baitzen bertara. Zapirainek argi dauka “ibilbideko momenturik onenean” dagoela irratia orain, baina atzera begira jarriz, momentu zailak ikusten ditu. “Proiektuaren hasierak ez ziren errazak izan”, azaldu du Zapirainek, baina aurrera jarraituz eta denbora berrietara moldatuz, Bidasoko eskualdeko erreferente informatibo handienetarikoan bilakatu dira.
2001. urtera salto eginda, hutsune bat estaltzeko sortu zen Antxeta Irratia. “Mende hasiera hartan jada martxan zeuden Irulegiko Irratia, Xiberoko Boza eta Gure Irratia, baina ikusten zuten haien frekuentziekin, Lapurdi eremu nahiko zabala izanda, ez zirela Santiagoko zubiraino iristen. Donibane Lohizunetik aurrera zegoen arazoa gehienbat”. Horrez gain, Txingudi badian baziren erderaz tokiko kazetaritza jorratzen zuten irratiak. Entzun Ikus eta Pausu Media elkarteen ekimenez egin zuten Antxeta Irratia sortzeko apustua, euskarazko tokiko kazetaritza Bidasoa ibaiaren bokale inguruan eskaintzeko.

Goizean goiz irratia entzuten duen pertsonak normalki badu bere kate, programa edo esatari kuttun bat. Zapirainen ustez ohitura edo gustu hori aldatzea oso zaila da, eta horregatik irrati berri baten hasierak malda gorakoak izan ohi dira. Hori bera gertatu zitzaion Antxetari lehen bost urteetan koordinatzailearen ustez. “Horrez gain, urte zail horiek ulertzeko alde ekonomikoari ere begiratu behar diogu. Finantzazioa lortzeko, hainbat ate jo behar dira. Gure kasuan Bidasoaren bi aldeetan egoteak abantailak eta desabantailak ekarri dizkigu ekonomiaren aferari begira. Batzuk pentsa zezaketen, beste aldekoak emango dizu, eta beste aldekoak berdin. Instituzioen aitortza bagenuen, baina jasotzea ez zen beti erraza izan”.
Mugako harresia
Zapirainen ustez, Txingudiko badian Euskal Herriaren nazio ikuspegia errotzea “oso zaila” da. “Ibai batek zatitzen gaitu, eta zazpi probintzien barruan gaude, baina Hegoaldeko euskaldun askorentzat hau oraindik Frantzia da. Hendaiara etorri behar direnean, Frantziara doazela diote eta horrek askotan mina egiten du. Herri bezala horrekiko atzera egin dugula uste dut”. Askorentzat muga den hori “zubi” bilakatzen saiatzen dira Antxetan. Horren harira mintzatu da Aimar Lopez kazetaria: “Bidasoko eskualde osoaren informazioa igortzen duen komunikabide euskaldun bakarra Hendaian egoteak badu garrantzi eta esanahi handia. Hona 25 urte hauetan milaka pertsona etorri dira, eta eskualdeko informazioa euskaraz ematen duen komunikabide bakarrera joateko Hendaiara joateak, seguruenik zerbait aldatu die haien barnean”.
Itsatsita dauden herriak dira eskualdekoak, baina Antxetako kideek diotenez, askotan badirudi muga erraldoi bat dagoela erdian. “Oso zaila ikusten dut hondarribiar bat Hendaiara etortzea, bertan dagoen antzerki saio bat ikustera, baina alderantziz, ohikoagoa da hendaiar bat Hondarribian ikustea. Lapurtarrak Gipuzkoara aisialditik kanpo joatea askoz ohikoagoa da, eta gipuzkoarrei badirudi asko kostatzen zaiela alderantzizko bidea egitea”. Lopezen ustez, bada batasun bat herri guztien artean, “badira eta eragileak eta instituzioak hori bera bultzatzen dutenak, askotan saiakera finegiekin halere”. Kazetariak uste du elkartasuna “oso irregularra” dela eta askotan mugaz gaindiko familiek eta nahastutako lagun taldeek eusten dutela. “Aleatoriotasun hori kendu egin behar dugu, eta bertako herrien harreman sozialak estandarizatu behar ditugu. Horretarako prest dauden eragileak badaude, eta etxe hau [Antxeta Irratia] bada horietako bat, baina sarea handitzeko beharra dugu”.
Zapirainek argi du euskarak zubiak irekitzen dituela, eta hori bera Bidasoan ere gertatzen dela. “Egunerokoan euskaraz egiten dutenek nik uste errazago egiten dutela bi aldeen arteko bidea”. Euskara da Antxeta Irratiaren oinarria, eta koordinatzailearen ustez, euskarazko informazioa jaso nahi duen erabiltzaileak “kalitatea” bilatzen du “kantitatearen aurretik”. Erdarazko egunkariek normalki orri gehiago izaten dituzte euskarazkoekin alderatuta, eta Zapirainen ustez, informazioaren kalitatearengatik da hori bera. “Guk adibidez, informazioari beti ematen diogu bigarren buelta bat, beti saiatzen gara sakonago joaten. Gure entzuleek edo irakurleek hori bera bilatzen dutela uste dugu”. Euskararen aldeko militantzian eta borrokan jardun du Antxeta Irratiak hasieratik, eta horren eraginez, egun, Bidasoko euskarazko komunikabide erreferentzialtzat hartzen dute askok.
Irratia bai, baina baita ere gehiago
Lopezen ustez, irratiak hainbat abantaila izan ditzake idatzizko prentsaren aldean. “Gure eskualdean baditugu pertsona asko, seguru aski adin zaharrekoak, euskaraz badakitenak baina ez daudenak alfabetizatutak. Hondarribiko pertsona zahar bati agian kosta egin diezaioke Hitzako lerroak irakurtzea, baina seguru aski, ulertu egingo du ahots batek irrati batetik esaten diona. Hori bera dugu gure alde, ahotsaren bidez transmititzen dugula, eta horrek faktore pertsonalago bat eragiten du entzulearengan”. Baina azken urteetan, Antxeta Irratiak, gizartearen norabide eta ohituretara moldatuz, beste hainbat formatu estreinatu ditu, hala nola bideoak eta podcastak. Transmediaren garaian, badirudi bere betiko formatuan gelditzen den komunikabideak gaurkotasunaren lasterketan azkeneko postua lortuko duela.

Hainbat formatutan ematen da albiste bat Antxeta Irratian. Zuzenean albistegian badaude, bertan sartu dezakete suertatutako berria. Bestela, web orrian idatziz agertu daiteke, eta batzuetan, sare sozialen bidez bideoak ere egiten dituzte. “Gure finantziazioaren zati bat diru laguntzetatik dator, eta horrek markatzen digu egin beharrekoa. Laguntza hori lortzeko gutxieneko batzuk bete behar dira, eta horren baitan gure eskaintza hobetzen saiatzen gara”, esan du Zapirainek. Multimedia izaeraren aurrean lehen erreakzioa lan kargaren handitzea izan daiteke kazetarientzat, baina koordinatzaileak uste du aukera ederra dela komunikabidea hazteko, eta hainbat formatu eta plataformetan euskararen presentzia areagotzeko.
Euskarari “zor zaion maila” eman behar zaiola uste du Lopezek. Kazetariak argi du gazteen artean irratiak ez duela entzule askorik, baina lehen pertsonan badaki podcastek eta sare sozialetako bideo azkarrek duten arrakasta. “Jakinda non dagoen gaur egun fokua, eraman dezagun bertara. Guk, euskaraz sortzen dugun pertsonek, zor edo eginbehar hori dugu nire ustez. Multimedian aritzeko motibazio ekonomiko bat badago, noski, ikusten dugu eta jendeak zer kontsumitzen duen, baina Antxetan nik uste beti izan dugula garbi entzulea dagoen tokian dagoela euskarazko eskaintza egon behar duela bertan”. Zapirainek, halere, idazketaren defentsa egin nahi izan du: “Uste dut gure ardura ere badela idazketari bere lekua ematea. Askotan badirudi gaur egun errazegi idatzi behar dugula, ez dugula sakondu behar, eta nik uste balorean jarri behar dela luze eta sakon irakurri nahi duten haien nahia”.
Tokikotik
Askotan entzuten da geroz eta mundu globalizatuagoan bizi garela. Horrek, ze lekutan uzten du tokiko kazetaritza? “Tokiko kazetaritzak badu abantaila handi bat. Guk egin ditzakegun gauzen eragina ikusi dezakegu, eta hori oso zaila da ikuspegi globalago bat duen komunikabide batentzat. Adibidez, behin, Hendaiako herriko etxeak gauean kaleko argiak itzaltzeko erabakia hartu zuen, proba modura. Hainbat bizilagunek haien kexak aldarrikatu zituzten, eta guk hori bera eguerdi parte batean jorratu genuen. Gaur hartan ez ziren argiak itzali. Ez ditugu horrelako asko lortu, baina badira momentuak eta momentuak”.
Globalizazioaren eraginez, informazio iturri berdinak eta lauak erabiltzen direla azaldu du Lopezek. “Ikusita zer dugun hor kanpoan, uste dut zentzua gure auzokideen istorioetan dagoela. Gaurkotsauna lantzen dugu, gure ingurukoei ahotsa emanez”. Komunikabide handiek, bakoitzak bere ildoa jarraituz, notizia berdinak jorratzen dituzte gaur egun, eta Zapirainek ustez, askotan, gure eskualdeko herritarrei eragingo ez dieten gaiak izanda, berdin irakurtzen dira. “Hondarribiko herritar bati bere udaletxeak onartutako aurrekontuek eragingo die, edo herri eragile batek antolatutako jaialdi batek. Zure inguruaren berri emateko eta bertan eragiteko, badauka lekua tokiko kazetaritzak, eta ez nuke esango leku txikia denik”.
Egoera bikaina
Zortzi langile ditu gaur egun Antxeta Irratiak, inoiz baino gehiago. Horrez gain, kolaboratzaile sare zabal bat daukate. Irratiaren izaera librea aldarrikatu nahi izan du Zapirainek. “Irratia ongi pasatzeko leku bat ere bada, eta horren borroka egin beharra dugu. Gure ateak zabalik daude, eta gurera hurbildu nahi duena ongi etorria izango da, irratsaio bat egitera edo proiekturen bat aurkeztera”. Lopezek gogorarazi du bera oso gaztetan hurbildu zela Antxetara, eta bertan egin zituela bere lehenengo saiakerak kazetari moduan. Orain, bertako langilea da, eta bertan ikasi ditu gaur egun praktikan jartzen dituen gauzak. “Ekosistema moduko bat sortzen da irrati estudio hauen inguruan. Laguntzaile moduan izan garen batzuk langile gara orain, eta beste batzuk haien bidea jarraitu dute, hemen ikasi ondoren. Aukera asko ematen ditu Antxetak jende gazteari, eta honetaz ikasi nahi duenak, hemen ditu mikrofonoak eta nahasketa mahaiak”.

Iaz, bigarren estudio bat ireki zuen Antxetak Irunen, Eliza kalean, aurten, Entzunezko Argia saria irabazi berri dute. Pil pilean dago Antxeta dirudienez, eta horregatik, momentu ezin hobea eta 25 urteak ospatzeko ekitaldi bat egiteko beharra ikusi dute. Zehazki, hurrengo astean egingo dute ospakizuna, ostegunean, hilaren 26an, Ficoban. “Urte guzti hauetan Antxetaren inguruan izan diren guztiei luzatzen diegu etortzeko gonbita, baina baita ere goizero gure ahotsak sintonizatzen dituzten entzuleei ere. Elkar ospatzeko momentua da, komunitatean egitekoa. Hori da guretzat Antxeta, komunitate bat, euskara hutsean sortutakoa”, azaldu du Zapirainek.
Aurrera begira, “irratia ez da bihar hilko”, esan du Lopezek, “hori bera askotan entzun arren”. Erronka ugari dituzte aurretik, eta horiek betetzeko irrikitan agertu dira bi kideak. “Zerbait nabarmentzearren, ikerketa egiteko gogoa eta beharra sentitzen dugu orain. Argia saria jaso ondoren, ikusi dugu kapazak garela, eta denbora eta diru asko behar arren, tokikotik egin daitekeela erakutsi dugu”. Erronka horiek pixkanaka iristen joango dira, eta orain arteko bidea jarraitu ezkero, seguruenik hemendik beste 25 urtetara berriro ere elkartuko dira Ficoban edo dena delakoan.

