Sandra Cuestak jaso du Judas Arrietaren lekukoa Maddalen Arte Gunean
Arte gunearen komisariotza jaso du artista hondarribiarrak. Bere programaren barnean, arte plastikoak eta musika uztartzeko apustua egingo du.
Ezin hobe hasi zen Maddalen Arte Gunea 2025. urtean. Martxoan ireki zuten, eta urte osoan zehar, hainbat erakusketa izan ziren bertan. Hori ez ezik, egonaldiak, tailerrak eta azokak ere egindakoen zerrendan txertatu zituzten. Judas Arrietak eraman zuen iazko kudeaketa, baina aurten, aldaketa izan da postuan, eta Sandra Cuestak hartu du ardura. Artista hondarribiarrak urte batez hartuko du komisariotza Maddalen Arte Gunean, eta jada, bere lehenengo erabakiak iragarri ditu.
Hasteko, Eugenio Ortizen erakusketa bat inauguratuko dute larunbatean, Kultur Etxean. Ortizen presentzia ez da kasualitatea. “Eugenio benta zaharrean ezagutu nuen. Bertan, goiko solairuan udalak lokal batzuk utzi zizkigun artistoi, gure sormen lanak egiteko. Han koinziditu genuen lehen aldiz. Iaz, berekin egon nintzen, eta berarekin edukitako elkarrizketa baten harira hartu nuen komisariotzara aurkezteko erabakia”, azaldu du Cuestak. Ortizen erakusketa Hondarribiko artxibo historikoan kokatu dute, Kultur Etxeko beheko solairuan. “Leku aproposa da, Eugenioren lanketak baduelako artxibo lana”.
Ortizen erakusketa martxoaren 29ra bitarte egongo da irekita, larunbat honetatik aurrera. Larunbat eta igandetan bisitatu ahalko da, 11:00etatik 13:00etara. “Musika Eskolako ordutegiak errespetatu ditugu, gure erakusketak baduelako ere bere soinu propioa”. Soinuan, Ortizek egindakoaz gain, Marla abesbatzaren kanta jarriko da, larunbatean grabatuko dena.
Cuestaren programak oinarri argi bat du: arte plastikoak eta musika uztartzea. “Gure herrian musikak ikusgarritasuna eduki du, kanpora begira. Ez da hala izan arte plastikoekin, eta horregatik egin dugu bi munduak elkartzeko apustua”. Lehen erakusketan, Ortizenan, inaugurazioan Marla abesbatzak abestuko du. “Naturalki sortu den harremana izan da”, esan du Cuestak, abesbatzak erakusketa egingo den lekuaren ondoan entseatzen baitu. Abesbatzak Ravelleren testu bat moldatu du koru moduan kantatzeko. Inaugurazioan eskainiko dute emanaldia. Harkaitz Cano ere bertan izango da, eta pregoi bat emango du.
Proiektuaren zabalera
Ortzi Alonso Kultur zinegotziak adierazi du oraingoz esperientzia ederra izaten ari dela Maddalen Arte Gunea. “Balorazio oso positiboa egiten dugu orain arte izan dugunaz. Pozik gaude gainera jendea aurkeztu egin delako kudeaketa lanetara, eta orain Sandraren txanda izango da”. Aurreko hilean plazaratu zuten 2025eko balorazioa, eta begi onez iragarri zuten hori bera. “Sandrak proiektuari emango dion zabalera oso egokia iruditu zaigu. Maddalen Arte Gunea da denaren oinarria, baina handik kanpo hedatzeko nahia erakutsi digu”, azaldu du zinegotziak. Zabalera hori lehen erakusketarekin argi gelditu da. Ez soilik zabalera geografikoa, baita ere diziplinen artekoa, musikari bere papera emanez.
Ortizen erakusketaren ondoren, Maider Goikoetxearen txanda izango da. Bere erakusketa Maddalen Arte Gunean izango da, eta inaugurazioan Ane Segurola Saguxar abeslariak jarriko ditu doinuak. Ondoren, Itzi Basterretxeak hartuko du lekukoa, bere proiektu plastikoa bere proiektu musikalarekin uztartuz. The Iiingles taldeko kidea da Basterretxea, eta bi proiektuek batera irekiko dute bere erakusketa.

