Bidasoko Maratoi Erdiarekin batera, Korrikalarien Azoka
Igandeko hitzordu garrantzitsua girotzeko, Korrikalarien Azoka antolatuko dute estreinakoz, larunbatean, Zabaltza plazan, eta tokiko hogei komertziok parte hartuko dute.
Korrikalariek hitzordu garrantzitsua izango dute igandean. Eskualdeko zein kanpoko korrikalariek gorriz markatuta duten eguna da igandekoa, Bidasoko Maratoi Erdia edo 10 kilometroko lasterketa egingo dituzte. Eskualdea prest dago 2.450 korrikalari inguru hartzeko, eta atletek Irungo eta Hondarribiako errepideak beteko dituzte. Hori dela eta, igandea iritsi bitarte hainbat jarduera antolatuko dituzte. Lehenengo aldiz, Korrikalarien Azoka antolatuko dute larunbatean, hilaren 21ean, Zabaltza plazan.
Hirigunea eraldatzeko espazioa izango da azoka, baita tokiko merkataritza sustatzeko ere. Horren erakusle da lasterketa honek duen oihartzuna eskualdetik kanpo, kirolaren eta hiriko bizitzaren eta elkarteen arteko harremana saretu nahi dute. Bertan, tokiko hogei komertzio izango dira, Irungo komertzioa eta artisautza ikusarazteko. Korrika egiteko grina bizitzeko topagunea izango da, eta iganderako pilak kargatzeko elkargunea izango da.
Azokak egun osoko egitaraua izango du. Nabarmentzekoak da SER Runner podcastaren grabaketa. Gainera, tokiko bi GKE Tadamun eta Bidasoko Minbiziaren Kontrako Elkartea ere bertan izango dira. 10:00etatik 20:00etara bitarte, lasterketen dortsala jasotzeko aukera izango dute. Gainera, parte hartzaileek deskontuak izango dituzte zenbait komertziotan. Giroa osatzeko, DJ izango da egun osoan zehar eta etxeko txikienentzat pintura lehiaketa bat antolatuko dute.
Eguraldia lagun, giro bikaina izango dute korrikalariek eta Irungo familiek larunbat eta igandean. Nuria Alzaga alkateordeak parte hartzaileak eta Irungo hiritarrak Zabaltza plazara hurbiltzeko dei egin die. “Lehenengo Korrikalarien Azoka hau aukera aparta da kirolarekiko pasioa ahalik eta gehien bizitzeko, baina, era berean, tokiko komertzioa eta artisautza sustatzeko aukera eskainiko du. Nahasketa horri esker, larunbat hau oso egun berezia izango da, zalantzarik gabe”.

