'Konekta sessions', musika elektronikoan murgiltzeko lehen urratsa
Hilean behin hiru orduko saioa egingo dute, eta saio bakoitzean Irungo edo Bidasoaldeko hiru DJk parte hartuko dute, bakoitzak ordubeteko saioa izango du.
Gaur egun, gazte askok DJ izan nahi dute, herriko festetan horiek baitira ordu txikitako protagonistak. GazteARTEanek 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Konekta Sessions saioak antolatuko dituzte martxoa eta maiatza bitartean. Egitasmoa bozgorailu bat izatea nahi dute antolatzaileek, musikan lehen urratsak eman nahi dutenei zuzenduta egongo da. Egitasmoaren lehen saioek musika elektronikoa izango dute ardatz, eta hilean behin hiru orduko saioak antolatuko dituzte.
Gainera, sortzen ari diren tokiko artistek aukera izango dute saioetan ikasitakoa erakusteko. Saio bakoitzean Irungo edo Bidasoaldeko hiru DJ izango dira, eta bakoitzak ordubeteko saioa izango du. Adina alde batera utzita, parte hartzaileei musika elektronikoa jartzea eskatuko diete. Horretarako, oinarrizko teknikak menderatu beharko dituzte, bai eta gutxieneko esperientzia izan. Izena emateko epea bihar, hilaren 18an, zabalduko dute udal webgunean. Haien proposamena ezagutzeko 30 minutuko erakustaldia bidali beharko dute.
Saioak Urdanibia plazan izango dira, eta GazteARTEanen Youtubeko kanalera igoko dituzte, horien zabalkundea indartzeko. Saioak 18:00etatik 21:00etara izango dira, martxoaren 13an, apirilaren 10ean eta maiatzaren 29an. Behin hiru saio hauek eginda, datozen hilabeteetan programa honen beste edizioak antolatuko dituzte, musika estilo gehiago esperimentatzeko.

