Egun euritsuari kolorea jarri diote Mairuek
Baserriz baserri ibili dira aurten ere, euriari iribarretsu eta alai erantzunez. Dantzatzen, barazkiak biltzen eta izpiritu txarrak uxatzen aritu dira goizean.
Eguraldi kaskarrak ez du Hondarribiko emakumeen urteroko ohitura zapuztu. Dozenaka emakume ibili dira baserriz baserri, Mairuen eguna izan baita gaurkoa. Emeki Emakume Elkartearen egitasmoz (orain dela hiru hamarkada pasatxo berreskuratu zuten ohitura), 32. aldiz aritu dira dantzatzen, baserrietako barazkiak biltzen eta baserrietako atarietako izpiritu txarrak uxatzen. Alai eta irribarretsu, zerutik sekulakoa erori arren.
Danboki baserrian abiatu dute gaurkoa, bertan gosari ederraz gozatu dute. Jarraian, Montañenea, Gurutze, Txapelin, Postigu, Nabarrena eta Arroka Berri baserrietatik pasatu dira. Postigun une hunkigarri eta berezia bizitu dute, bertako Maritxuri lore sorta bat eman baitiote, omenaldi modura. Ez baitu sekula, urte bakar batez ere ez, Mairuei ongi etorri bakar batean ere hutsik egin. Eguna biribiltzeko bazkaria egin dute Jaizkibel kanpinean.

