Inauterietako konpartsen desfilea dela eta, trafiko aldaketak
Bihar, larunbatarekin, eta etzi, igandearekin, hiriko hainbat kale itxita mantenduko dira desfileagatik, 16:15etik 20:00etara.
Dagoeneko inauteriak Irunera heldu dira. Bihar eta etzi hiriko konpartsen egun handia izango da, eta konpartsen desfilea dela eta, hainbat kale itxita mantenduko dira trafikoarentzat. Murrizketak bihar eta etzi, igandearekin, izango dira 16:15etik 20:00etara. Desfilea 17:00etan hasiko da Letxunborro etorbidean, hortaz Zubimuxuko biribilgunera arte itxita mantenduko dute, 16:15etik aurrera. 16:45etan Erdialdeko hainbat kale itxiko dituzte, hala nola, Anaka, Donostia, Hondarribia, Kolon pasealekua, Gipuzkoa etorbidea, San Martzial eta Prudencia Arbide kaleak.
20:00etarako aurreikusita dago desfilearen amaiera San Juan plazan. Hortaz, desfileak aurrera egin ahala kaleak irekiko dituzte. Beti ere, konpartsakideen eta oinezkoen segurtasuna bermatuta dagoenean. Bitarte horretan, saihesbideak erabiltzea gomendatu du udalak.
Taxi zerbitzuak eta Irunbuseko zerbitzuak hainbat aldaketa izango ditu. Irunbuseko Erdialdeko hainbat geraleku ezingo dira erabili desfilea bukatu arte. Hala ere, L1, L2, L3 eta L4 lineek zerbitzua izango dute arratsalde guztian zehar. Aparkalekuei dagokienez, Kolon pasealekukoak 16:45etik aurrera autoak Gipuzkoa etorbideko sarreratik sartuko dira; San Juan plazako aparkalekuko sarbidea eta irteera moztuta egongo dira; eta Mendibilekoak, berriz, ez ditu murrizketarik izango.

