Partidaz beteriko asteburua Plaiaundin
Biok Txingudik partida garrantzitsua izango du larunbatean Hernaniren aurka, 15:00etatik aurrera; Zaisa Txingudik, berriz, Mutrikuren bisita izango du 17:00etan.
Asteburu honetan Txingudi Errugbi taldeak partida ugari izango ditu etxean. Gizonezkoen, emakumezkoen eta 18 urtez azpikoen taldeek Plaiaundin izango dute asteburuko hitzordua. Partida garrantzitsuak izango dira hiru taldeentzat. Larunbatean jokatzen lehena Biok Txingudi izango da. Biok Txingudi taldeak lehia zuzena izango du Hernaniren aurka, eta denboraldiko lehenengo puntuak eskuratzeko aukera bikaina izango dute jokalariek. Partida 15:00etan izango da, eta Hernani garaitzea lortzen badute sailkapenean postu bat gora egingo luke Txingudiko taldeak.
Emakumezkoen partida bukatu eta segituan gizonezkoen txanda izango da. 17:00etan hasita, Zaisa Txingudiren eta Mutrikuren lehiaz gozatzeko aukera izango dute errugbizaleek. Igoera postuak urrun eduki arren, taldeak ez du amore eman nahi eta sailkapeneko azken taldeari irabazten ahaleginduko dira mugaldekoak. Sailkapenean gora egitea ez dago euren esku soilik, eta horregatik, aurkari zuzenen partidak arretaz jarraituko dituzte.
18 urtez azpiko taldeak ere etxean jokatuko du. La Unica taldearen aurkako partida igandean izango da, 13:00etatik aurrera. Gabiria Txingudi/Baztanek lehenengo itzuliko azken partida izango du, eta ahalik eta bukaera onena ematen saiatuko dira. 16 urtez azpiko taldea Plaiaunditik kanpo jokatuko duen talde bakarra izango da. Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Arrasaten izango du norgehiagoka larunbatean, 10:00etatik aurrera Hiruherriren aurka. Hauentzat ere lehenengo itzuliko azken partida izango da, eta Euskadiko txapelketaren lehian jarraitzeko puntu gosez dago taldea.

