Haize bolada indartsuengatik, kalteak
Adaba Mendia kalean, Rodrigo Salis etorbidean eta Gi-636 errepidean hainbat gertakari eragin ditu gaurko haizeteak.
Aldabe Mendia kaleko etxebizitzatik airean atera diren teilatu zatiak. Gaurko, eta astebururako batez ere, haize bolada indartsuak izango direla jakinarazi du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Biharko (ostirala) eta etzirako bolada bortitzak iragarri dituzte, eta abisu horia ezarri. Hala, gaur goizaldean, haizetegatik gertakaria izan da Anaka auzoko Aldabe Mendia kaleko etxebizitza eraikin batean: haizeak bloke horren teilatuko zatiak altxarazi, eta kalera bota ditu. Goizaldeko 04:00ak aldera izan da gertakaria. Bizilagunek HITZAri esan diotenez, ez da ezbehar pertsonalik izan. Aparkatuta zeuden hainbat autok, ordea, kalteak izan dituzte.
Gainera, Irungo Udalak intzidentzia gehiagoren berri eman du: Rodrigo Salis etorbidean, hango etxebizitza bloke baten fatxadaren zati batzuk jausi dira, eta San Jose Obrero futbol zelaian publizitate panel bat hautsi da, besteak beste.
Bestalde, udalak jakinarazi du Gi-636 errepidea moztu dela Behobia eta Artia artean, errepide ondoko ezki bat kendu dutelako, haizeak hala eraginda egoera arriskutsuan zelako.

