Instrumentu artean... Hasi dira inauteriak!
Musika eta Dantza Eskolako ikasleek kalejira egin dute Alde Zaharrean zehar. Mozorro koloretsuek hartu dituzte kaleak, eta hala izango da hurrengo astera arte.
Musikarekin hasi dituzte inauteriak hondarribiarrak. Etxeko txikiz eta gaztez osaturiko txaranga luze batek hartu ditu Alde Zaharreko kaleak 17:30eatik aurrera. Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako ikasleak izan dira, eta ohitura jarraituz, beste urte batez mozorroa jarri eta haien instrumentuekin musikatu dute herria.
Tronpetak, saxofoiak, tronboiak… instrumentu mordoa eta ikasle mordoa. Denetariko mozorroak ikusi dira, hala nola animaliak, estralurtarrak, esploratzaileak eta ehiztariak. Musika Eskolatik abiatu dira, Ikusi mendizaleak jotzen, eta Alde Zaharretako kale estuetatik jarraitu dute.
Urtero errepikatzen duten egitasmoa da hau, askorentzat, kalean eta oinez jotzeko lehen aukera. Txaranga moduan jo dute, seguraski hemendik urte batzuetara inguruko txarangetan ikusiko ditugun ikasleek.
Inauteriak aurrera doaz. Larunbata eta igandea izango dira egun handiak, ostiraleko parodiak bertan behera gelditu dira eta. Larunbatean, Arma Plazako bazkaria egingo dute, baina lehenago eta ondoren Abiyuan eta Peña Poteo txaranga bidasotarrek girotuko dute eguna. Hori ez ezik, urtero moduan Arkollako Gaztiaken eta Kaldosuen karrozak Portua auzoan eta Alde Zaharrean izango dira. Goizean zehar, Mairuak baserrietatik ibiliko dira ere.
Igandean, aldiz, desfilea izango da protagonista. Herriko eragileek eta dantza eskolek hainbeste entseatutako pausuak erakutsiko dituzte. Arratsaldean, Solo antzerkia izango da Itsas Etxean. Amaitzeko, 17an sardinaren ehorketa egingo dute.
Hona hemen HITZAk gaur ateratako argazkiak:

