Inauterietan alkohola ez dadin protagonista izan
Hondarribiko Udalak alkoholaren kontsumoari lotutako arrisku-portaerak prebenitzeko sentsibilizazio eta komunikazio kanpaina jarri du abian.
Festa giroan ospatzen dira inauteriak, eta beraz, alkoholak protagonismo handia hartzen du gazteen artean. Hori jakinda, Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren Ondo pasa, baina ez pasa! kanpainaren barnean, alkoholaren arriskuez kontziente izatea eskatu die Hondarribiko Udalak gazteei. “Gaztaroa esperimentaziorako, harremanak eraikitzeko eta norbere nortasuna garatzeko etapa garrantzitsua da. Testuinguru horretan, alkohola presente egon daiteke aisialdian, baina funtsezkoa da kontsumoaren arriskuak ezagutzea eta erabaki kontzienteak hartzea”, azaldu du udalak ohar bidez.
“Kanpainaren ardatz nagusia alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzea bada ere, bereziki azpimarratuko da adingabeen artean kontsumo goiztiarra prebenitzearen garrantzia, adin nagusikoen artean jokabide arduratsuak sustatzea eta familiek zein helduek gazteentzat erreferente eta eredu positibo gisa duten papera indartzea”.
Informazioa zabalduz
Lupe Queiruga Gazteria zinegotzia mintzatu da: “Prebentzioa ez da gazteei soilik zuzendutako mezua; komunitate osoari egiten zaion deia da. Helduek eta familiek duten erantzukizuna funtsezkoa da, beraiek direlako askotan jokabideen ispilu”. Kanpaina zabaltzeko, pegatinak eta informaziorako eskuorriak banatuko dituzte DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako 581 ikasleen artean.

