Zanpantzarraren desfilea dela eta trafiko aldaketak izango dira
Ostegun honetan, hilaren 12an, inauteriei hasiera emango diete Irunen, eta Zanpantzar konpartsaren desfileagatik hainbat kale itxiko dituzte.
Inauteriak hasteko egun gutxi batzuk falta dira. Ostegunean, hilaren 12an, Zanpantzar konpartsaren desfilearekin jardueraz beteriko bost eguneko inauteriei hasiera emango diete. Festa lehertuko da Irunen etzi 19:00etan. Hori dela eta, 18:50etatik 19:30etara erdialdeko hainbat kale itxiko dituzte desfilearen segurtasuna bermatzeko. Murrizketak desfileak bukatu ahala eta oinezkoen segurtasuna bermatuta dagoenean kenduko dituzte, bitarte horretan saihesbideak erabiltzeko gomendioa helarazi die Udalak hiritarrei.
Desfilea Alberto Anguera plazatik abiatuko da 19:00etan. Hamar minutu lehenago, 18:50etatik aurrera, Hondarribia kalea, Kolon pasealekua eta Gipuzkoa etorbidea itxiko dituzte. San Juanerako noranzkoan doazen kotxeek, desfilearen atzetik joan beharko dute. Taxi zerbitzuak ere aldaketak izango ditu 19:30ak arte. Irunbus zerbitzuak aldaketa txikiak izan ditzake desfilearen aurrerapenaren arabera.
Ostiralean ere, hilaren 13an, ikasteetxeetako desfileak direla eta, Toki Alai-Siutz ikastetxeko, Elatzeta ikastetxeko eta San Vicente de Paul ikastetxeko inguruko kaleetako trafikoa baldintzatuta egongo da. Hori dela eta, ikastetxe horietako gurasoei pazientzia eskatu diete ostiral goizerako.

