Ireki dute 'Familia Ola' programaren otsaileko eta martxoko jardueretan izena emateko epea
2-8 urteko haurrak dituzten familiek euskara normalizatzea helburu duen programan parte hartzeko aukera izango dute otsailaren 13ra arte.
Euskara egunerokotasunean erabiltzeko egitasmoa berriro martxan jarri dute. Familia Ola programa 2-8 urteko haurrak dituzten familientzat zuzenduta dago, eta familiak euskalduntzeko eta euskararen erabilera sustatzeko hainbat jarduera egingo dituzte otsailean eta martxoan. Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko ikastetxeekin eta Hezten elkartearekin batera garatutako programa honek sukaldaritza tailerra, ingurumenari buruzko jolasak eta Zirkuolara (Aduna) irteera antolatuko ditu.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Irunen erroldatuta egon behar dute, edo Irungo ikastetxe batean matrikulatuta. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, eta ostiraleko 14:00ak bitarte, hilaren 13, izena eman dezakete tailer bakarrean eta irteeran. Tailerretan, familia bakoitzeko guraso bakarrak parte har dezake, eta irteeran, berriz, biek. Eskaera guztiak jasoko dira eta eskaria eskaintza baino handiagoa bada, zozketa bidez aukeratuko dute.
Hauek izango dira aurretik aipatutako jardueren data eta lekua. Lehenengo jarduera sukaldaritza tailerra izango da, eta hilaren 24an eta 26an egingo dituzte Dunboa ikastetxean, 17:30etatik 19:00etara. Hilaren azken egunean, 28an hain zuzen, Zirkuolara (Aduna) irteera egingo dute, eta bertan, zirku modalitateak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute familiek. Martxoaren 3an eta 5ean, ingurumenari buruzko jolasak antolatuko dituzte Eguzkitza ikastetxean, 17:30etatik 19:30etara.

