Inauterietako Parodiak, bertan behera
Olinpiadetako kideek azaldu dute eguraldi txarra aurreikusten dutela, eta ekitaldia ezin dela hala egin.
Inauteriekin lotuta datoz Parodiak. 1980. eta 1990. hamarkadetan arrakasta handia lortu zuen Hondarribiko Olinpiadetako proba bereziak, eta herriko jendez betetzen zen kalea hartan. Bigarren belaunaldikoek berreskuratu egin zituzten, eta orain, hirugarren belaunaldian bi egin dituzte jada. Aurten, baina, ezingo dute.
Gipuzkoa plazan zeirn egitekoa aurtengo Parodiak, baina komite olinpikoak azaldu duenez, “ezinezkoa” da ostiraleko aurreikuspen meteorologikoarekin ekitaldia gauzatzea. “Euri asko eman dute, eta gainera, hotza eta haizea”, azaldu du komiteak. “Pena handiz” hartutako erabakia da, talde askok asteak daramatzate eta haien ikuskizuna prestatzen.
Izango dira aurrerago
Halere, komiteak baieztatu du aurten Parodiak egingo direla. “Beste data bat aurkituko dugu, baina egin, egingo ditugu. Ez dira inauteriekin lotuko, baina saiatuko gara beste data egoki bat bilatzen”.

