EAJk atsekabea erakutsi du Berdintasun Mahaiko lehen saioa Alardean oinarritzeagatik
Jeltzaleen ustez, emakumeen bazterketa ideologikoa sustatzen du martxan jarritako mahaiak.
Berdintasun Mahaiaren lehen bilera otsailaren 5ean egin zen, udal ordezkaritza duten alderdi politikoei zuzenduta. Bertan Alardea jorratu zuten, eta jeltzaleen atsekabea erakutsi dute horren aurrean. “Zaila da ulertzea hau izatea berdintasuna bere osotasunean landu beharko lukeen organo baten lehen gaia, Hondarribian erronka ugari daudenean modu partekatuan aurrera egiteko”, azaldu dute ohar bidez.
Berdintasun Mahaiak hartutako bidea ikusita, EAJk erabaki du ez duela Alardearen inguruko iritzirik emango bertan. Era berean, nabarmendu nahi izan dute erantzukizun instituzionalagatik eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko duten konpromisoa dela eta, borondatea dutela berdintasun erreal eta eraginkorraren alde lan egiteko. “Berdintasuna ezin da bazterketa ideologikotik eraiki, eta kezka agertzen dugu Alardea modu jakin batean ospatzeko duten hautu libre eta zilegiagatik ehunka emakume kanpoan uzten direlako”.
EAJk eskatu du Berdintasun Mahaiaren lanak “batasunetik eta akordiotik aurrera egiteko aukera ematen duten esparruetara bideratzea”, arreta jarriz emakumeen autonomia ekonomikoan, zaintza sisteman, berdintasunean oinarritutako hezkuntzan, indarkeria matxistaren prebentzioan eta parte-hartze sozial eta politikoan. Jeltzaleek argi adierazi dute: “Berdintasuna batzen duen espazioa izan behar da, ez zatitzen duena”.
Mahai “baztertzailea”
Jeltzaleek berretsi dute “elkarrizketaren, errespetuaren eta bizikidetzaren kulturaren alde lanean jarraituko” dutela, Alardeari dagokionez ere, “konmemorazio historiko hau ulertu eta ospatzeko modu ezberdinen arteko errespetua gizarte gisa aurrera egiteko oinarri ezinbestekoa dela defendatuz”.
Emakumeen bazterketa ideologikoa sustatzen du Berdintasun Mahaiak jeltzaleen ustez, eta “kezkagarria” iruditzen zaie Abotsanitzek eta EH Bilduk hori bera babestea. “Hau ez da kontu tekniko hutsa, baizik eta berdintasuna nola ulertzen den eta espazio instituzionaletan nor sartzen den (eta nor kanpoan uzten den) zehazten duen erabaki politikoa”.

