Uholdeen aferan behin betiko neurriak eskatu ditu PSE-EEk
Pasaden astean hainbat uholde izan dira Mendelu aldean, eta sozialistek udalaren "enpatia falta" nabarmendu dute.
Azken egunetako uholdeak. Azkeneko egunetan hainbat uholde izan dira Mendelu aldean, eta horren harira, PSE-EEk behin betiko konponbide bat eskatu dio Hondarribiko udal gobernuari. “Euri jasen eta marea bizien ondorioz, udalerriko hainbat tokitan ziklikoki gertatzen diren uholdeei amaiera eman behar zaie”, azaldu du talde sozialistak. Haien ustez, arazo ezaguna eta errepikatua da, eta adierazi dute ez dutela ulertzen zergatik Abotsanitzek eta EH Bilduk ez dituzten behin betiko neurriak hartzen.
Pasaden egunetan, Lau Haizetako zubiaren eta N-638 errepidearen artean uholdeak izan dira, non duela hilabete batzuk obra bat egin zen, bertako lezoian ondorioak izan zituena. PSEk adierazi du hainbateko kalteak eragin dituela urak, gehien bat bertako baratzeetan. “Baratzetako hegazti batzuk ere hil egin dira, eta noski, pertsonen eta ibilgailuen mugikortasun askea eragotzi egin da”.
Sozialisten ustez, afera honen harira udal gobernuak enpatia falta eta utzikeria erakutsi du, eta “beste aldera begiratzen jarraitzen” dute. Bizilagunek marea biziak daudenean sentitzen duten beldurra nabarmendu nahi izan dute, eta udal gobernuari gogoratu diote “udalak aurrea hartzeko, planifikatzeko eta herritarrak babesteko ardura” duela.

